Eskolara Oinez egitasmoaren proba gisa, ikastetxera elkarrekin joan dira goizean

Ane Olaizola 2026ko ekainaren 9a

Eskolara Oinez egitasmoaren proba, gaur goizean. (Azkoitiko Udala)

Umeak eskoletara oinez joatea helburu duen egitasmoaren proba egin dute gaur goizean hainbatek, eta datorren irailean egitasmoa modu jarraian martxan jartzea adostu dute. 

Herriko haurrak eskoletara oinez joatea helburu duen egitasmoaren proba egin dute gaur goizean hainbat umek, aurreko hilean egindako bilera informatiboan hala adostu ondoren. Xabier Munibeko eta Floreaga ikastetxeko eskolak hasi baino lehen, eliza atarian elkartu dira hainbat ikasle eta guraso, eta ibilbide motza osatu dute, batera joanez ikastetxera. Ikasturtea amaitzear dagoenez, datorren irailean egitasmoa modu jarraian martxan jartzea ere erabaki dute, jakitun baitira eskolara oinez joateak "onura asko" dituela. 

Udalaren arabera, Floreagako eta Xabier Munibeko LHko ikasleek Eskolako Agenda 2030 programaren barruan eskolara oinez joateko lanketa "sakona" egin dute ikasturtean zehar. "Ezer baino lehen, etxetik bakoitzaren eskolara joateko ibilbideak elkar jarri zituzten, modu honetan, ibilbide proposamenak eginez. Bide horretan batuko dituzten geldiuneak ere adostu zituzten. Horretaz gain, ekimena ezagutaraziko duen logoa ere sortu dute". 

Izenak berak dioen moduan, herriko haurrak eskoletara oinez joatea du helburu egitasmoak, besteak beste, halako ibilbideak egiteko autoen erabilera murritz dezaten familiek. Izan ere, antolatzaileak jakitun dira gero eta gehiago direla halako ibilbide laburretarako autoa erabiltzen dutenak, eta horrek hainbat ondorio eragiten dituela azpimarratu dute, hala nola airea kutsatzea, eskola inguruetan auto ilarak eta arrisku egoerak sortzea, eta umeek jarduera fisiko gutxiago egitea. Kontrara, egunero oinez "pixka bat" egiteak onura "asko" dituela azpimarratu dute; besteak beste, autonomia eta ardura landu. eta umeen arteko harremanak sendotzen ditu. Horrez gain, umeak eskolara "alai eta erne" iristen dira, eta horrek "ikasketa emaitzak ere hobetzen ditu". 

Horretarako guztirako, eskoletara oinez joateko irteera puntuak eta ordutegiak zehaztu dituzte horretarako seinaleztatuko dituzten geralekuetan. Hain justu, sei irteera puntu zehaztu dituzte: Altzibarko Anaitasuna plaza, Txalonerreka, Floreaga auzoko parkea, Santa Klara kalea, Altamira auzoa eta Trenbidearen Zumardia kalea. Ordea, guztira, lau ibilbide izango dira –bakoitzak kolore bat du–, eta hori horrela izanik, sei puntu horiek bat egingo dute zenbait kasutan. Esaterako, Altamiratik eta Trenbidearen Zumardia kaletik abiatutako taldeak liburutegiaren parean egingo du bat. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide