Anaitasuna mendi bazkunak bi urtean behin prestatzen duen Zazpi Kurutze mendi martxak hartuko ditu herriko eta inguruko mendi tontorrak etzi, eta egitasmoaren 26. aldiak hainbat aldaketa izango ditu. Izan ere, eguna eta ibilbidearen zati bat aldatuta egingo dute aurtengo ibilketa 200 bat mendizalek.
Ohiko moduan, zazpi gurutze lotuko dituzte mendi martxan parte hartzen duten mendizaleek, baina aurten, Oletaren ordez Samiñoko gailurra zapalduko dute horiek. Hain zuzen, zazpigarren gurutzea, ibilbideko azkena, izango da Samiño, eta horrenbestez, Izazpitik harako bidea hartuko dute horiek, Oletara joan beharrean; ondoren, Samiñotik herrigunera jaitsiko dira mendizaleak, plazan izango duten helmugara. Antolatzaileen esanetan, aldaketa horrekin ibilbidea "zuzenagoa eta politagoa" izango da, baita motzagoa ere: izan ere, Zazpi Kurutzek orain arte 55 kilometro inguru izaten bazituen, aurrerantzean 51 izango ditu.
Ibilbidea moztuta, gainera, irteera ordua ere desberdina izango da aurten, eta parte hartzaileek goizeko 04:00etan abiatu beharrean, 06:00etan egingo dute. Hurrenez hurren, honako gailur hauek igo beharko dituzte horiek plazatik hasita: Erlo, Aittola, Zargoate, Hirukurutzeta, Irimo, Izazpi eta Samiño.
Horrez gain, mendi martxaren hitzordua ere aldatu dute antolatzaileek. Izan ere, orain arte ekaineko bigarren igandean egin ohi zuten, baina aurten, ekaineko lehenengo larunbatera aurreratzea erabaki dute, bi arrazoirengatik: batetik, egokiago ikusten dute halako mendi martxa bat larunbatez egitea, mendizaleek zein antolatzaileek beraiek atsedenerako tartea izan dezaten biharamunean; bestetik, ekaineko bigarren larunbatean Azkoitian Pilotari Eguna izaten denez, bi egitasmoak egun berean egitea baino, astebete aurreratzea hobetsi dute.
Izen ematea, zabalik
Maiatzaren hasieratik dago zabalik mendi martxarako izen ematea, zirkuitua.com atarian, Presalde gozotegian eta Lopetegi iturgintzan. Hilabetean 200 lagunek eman dute izena, eta antolatzaileek azaldu dute "asko" direla azken egunotan inskribatzen ari direnak, jakin badakitelako eguraldi iragarpenak horretan eragiten duela. Edonola ere, aurtengoak aurreko urteetako erantzun antzekoa izango duela espero dute. Guztira, 300 lagunentzako lekua dago mendi martxan, eta aurretiazko izen ematea ostegun gauean amaituko bada ere, egunean bertan ere izango da horretarako aukera, beti ere tokirik libre badago. Kasu horretan, 22 euro ordaindu beharrean 25 euro ordainduko dute larunbat goizaldean izena ematen dutenek.
Zazpi Kurutze ez dela lasterketa bat azpimarratu dute beste behin antolatzaileek, ibilketa bat baizik. Aurreneko mendizaleak 15:00ak aldean helmugaratzea espero dute, eta azkenengoek, berriz, 19:00etarako amaitu beharko dute. Han, paella banatuko diete guztiei, eta bidean zehar, Aittolan, Hirukurutzetan, Gorlan, Santa Barbaran nahiz Pagotxetan ere izango dituzte janari postuak. Era berean, amaitutakoan dutxa zerbitzua izango dute Elkargunean.