Asfaltatze lanak direla eta, itxita egongo da gaurtik ostiralera Beidazar kaletik San Martinerako sarbidea

Andoni Elduaien 2026ko ekainaren 1a

Asfaltatze lanak egingo dituzte egunotan San Martin auzoko zenbait kaletan. (Udala)

San Martin auzoko zenbait kaletan egingo dituzten asfaltatze lanak direla eta, aldaketak izango dira errepideetan. Bestalde, egunotan arituko dira Ibaiondo kaleko errepidean margotze lanetan; bihar goizetik aurrera ezingo da ibilgailurik aparkatu han. 

San Martin auzoko Joakin Egia kalean egingo dituzten asfaltatze lanak direla eta, itxita egongo da gaurtik ostiralera bitartean Beidazar kaletik San Martin auzorako sarbidea. Udalak azaldu duenez, gainera, Nemesio Etxaniz eta Balda kaleen zati bana bi noranzkotakoak bihurtuko dira obrek irauten duten bitartean.

Era berean, Ertzain etxea eta Balda kalea lotzen dituen bide zatiak bi noranzko izango ditu aurrerantzean, baita Balda kaletik Joakin Egia kalera doan bide zatiak ere. San Martin auzotik Ertzain etxe parerako jaitsieran, berriz, ibilgailuek nahitaez eskuinera hartu beharko dute.

Margotze lanak, bihar

Bestalde, Ibaiondo eta Martin kaleetako errepidea margotzeko lanak hasiko dituzte bihar, asteartea. Behin asfaltatze lanak amaituta, bihartik aurrera hasiko dituzte eginkizun horiek. Hori horrela, kale horietan ezingo da ibilgailurik aparkatu bihar goizeko 06:00etatik aurrera. Aparkalekuak kentzeak eragin ditzakeen eragozpenak murrizteko asmoz, udalak Oteiza pilotalekuan aparkatzea baimenduko du egunez.

Ibaiondo kalea, asfaltatuta. (Andoni Elduaien)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide