Giro ederrean ospatu dituzte trinitateak Oletan

Aitziber Arzallus 2026ko ekainaren 1a

Jende ugari igo da Oletara, eta giro ederra izan da egun guztian. Hamaiketakoa egin dute aurrena, meza izan da gero, eta ondoren, aizkolarien erakustaldia eta herri bazkaria egin dituzte, dena Zumarragako Aginaga auzoko Oleta elkarteak antolatuta.

Festa eguna izan zen atzo Azkoitia eta Zumarraga artean dagoen Oleta mendian, dozenaka lagun igo baitziren hara trinitateak ospatzera. Urtero legez, Zumarragako Aginaga auzoko Oleta elkarteko kideak arduratu ziren egunari itxura emateaz, eta egun osoko egitaraua prestatu zuten beste urte batez.

Oletako gurutzera igoz hasi zuten eguna batek baino gehiagok. Batzuk beren erara igo ziren; beste batzuk, berriz, Oleta elkarteak jarritako hitzordura azaldu eta gero. 10:00etan Aginagatik abiatuta, elkarrekin igo ziren horiek. Ondoren, indarrak berreskuratzeko, hamaiketakoa eskaini zieten han bildutako guztiei, eta horren atzetik, 12:00etan hasita, meza egin zuten. 

Meza bukatuta, bazkalordura arteko tartea aizkolariek bete zuten. Hain zuzen ere, Julen Aranbarri Elorriaga II.a eta Ander Altuna Etxaluze aizkolariek egin zuten erakustaldia. Horren ostean,  14:00etan hasita, herri bazkaria egin zuten han bertan, eta horrekin borobilduko zuten Oletako Eguna. Aipatzekoa Itzeder, Garixe eta Txibilter trikitilariek girotu zutela Oleta gaina egun guztian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide