Gipuzkoako 55. Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketaren azken jardunaldiko tiraldia jokatuko dute bihar, zapatua, Azkoitiko Floreaga auzoko bolatokian. 17:00etan hasita arituko dira nor baino nor gehiago lehian parte hartzen ari diren Gipuzkoako bederatzi talde: Azkoitiko Floreaga, Bergarako San Joxepe, Eibarko Asola-Berri, Elgoibarko San Migel, Aretxabaletako UDA Hirutxirlo, Elgeta, Lastur eta Soraluzeko Ezozi nahiz San Andres.
Martxoan ekin zioten txapelketari, eta ordutik bederatzi jardunaldi jokatu dituzte. Hori hala, hamargarren jardunaldiari dagokion tiraldia izango da bihar Floreagan jokatuko dutena. Dena den, gaur gauean, 21:00etan, Gipuzkoako 55. Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketarekin batera ostiralez jokatu ohi duten lehiaz gozatzeko aukera ere izango dute bolariek.
Floreagako hainbat lagun ari dira txapelketan parte hartzen. Esaterako, Gorka Etxanizek garaipenarekin ekin zion aurtengo txapelketari. Dena den, sailkapen orokorrean 15. postuan dago kokatuta hura, 22 punturekin. Bikoteka, berriz, Santos Muñoz eta biak ari dira lehiatzen, eta bikotea sailkapeneko zazpigarrena da, 41 punturekin. Hala eta guztiz ere, bestelako sailkapen ugari ditu txapelketa horrek: beteranoetan, Muñoz bosgarrena da, 19 punturekin; Mirari Azkune zortzigarrena emakumeen artean, 6 punturekin; eta taldeka, sailkapeneko hamargarrena da Floreaga, 59 punturekin.