Astelehenean zabalduko dituzte udalekuetarako eta udako ikastaroetarako izen emateak

Andoni Elduaien 2026ko apirilaren 28a

Hainbat haur, iaz, Praka Motxakin udalekuetan. (Ane Olaizola)

Udazblai izenpean egingo ditu aurten ere Azkoitiko Udaleko Gazteria sailak Praka Motxakin eta Artxabentura udalekuak. Horrez gain, askotariko ekintzak eskainiko dituzte lantegietan. Maiatzaren 4tik aurrera eman ahal izango da izena ekintza guztietarako.

Azkoitiko Gazteria sailak datorren astelehenean, maiatzak 4, zabaldu ditu aurtengo udaleku irekietarako eta tailerretarako izen emateak. Beste urte batez, Udazblai izenpean egingo dituzte haurrentzako Praka Motxakin nahiz gaztetxoentzako Artxabentura udalekuak eta haurrei bideratutako lantegiak.

Ekainaren 22an hasiko dira bai udalekuak, bai lantegiak. HH3 mailatik LH6 mailara arteko haurrei zuzendutako Praka Motxakin udalekuak hiru txandatan banatuko dituzte aurten: lehen txanda, ekainaren 22tik uztailaren 3ra egingo dute; bigarren txanda, uztailaren 6tik 17ra; eta hirugarren txanda, uztailaren 20tik 24ra. Aldiz, DBH1 mailatik DBH3 mailara arteko gaztetxoei eskainiko zaien Artxabentura udalekua ekainaren 22tik 26ra garatuko dute, txanda bakarrean.

Bai Praka Motxakin, bai Artxabenduta udalekuetarako izen ematea Elkarguneko Gazte Zerbitzu Bulegoan egin beharko da maiatzaren 13a baino lehen, astelehenetik ostiralera 16:30etik 20:00etara bitarteko ordutegian. Edonola ere, Internet bidez online egiteko aukera ere izango da Azkoitiko Gazteria sailaren webgunearen bidez. Ordea, izena eman ahal izateko aurrez ordainketa eginda izan beharko dute guztiek. Era berean, Gazteria sailak nabarmendu du epez kanpoko inskripziorik ez dutela onartuko. 

Ikastaroak ere bai

Praka Motxakin eta Artxabentura udalekuez gain, Gazteria Sailak Uda Trebatzen lantegiak antolatu ditu. Besteak beste, Kodeka-Robotika lantegia, Brikolatzen lantegia, Sormenarekin biraka lantegia, panpinak josteko lantegia, Arte-jolas lantegia, Eltze artean sukaldaritza lantegia eta Trebanitz diziplina anitzeko lantegiak izango dituzte aukeran LH 1 mailatik DBH2 mailara arteko ikasleek. Saio horiek guztiak ekainaren 22tik uztailaren erdira arte gauzatuko dituzte Elkargunean, 10:00etatik 13:00etara. 

Ikastaroetarako izen ematea ere datorren astelehenean zabalduko dute, eta maiatzaren 17ra bitartean egongo da zabalik, plazak bete arte. Ikastaro horietan guztietan parte hartzeko ere aurrez izena ematea nahitaezkoa izango da; Elkarguneko Gazte Zerbitzu Bulegoan egin beharko da, astelehenetik ostiralera 16:30etik 20:00etara bitarteko ordutegian edo Azkoitiko Gazteria sailaren webgunean. Kasu horretan ere, izen ematea egin aurretik egin beharko da ordainketa. 

Hona hemen Praka Motxakin zein Artxabentura udalekuei eta Uda Trebatzen ikastaroei buruzko informazioa: 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide