Chantoné etxeak antolatutako Emakumeen Harri Handien Txapelketa jokatu zuten atzo Gurea pilotalekuan, eta txapela Iturenera (Nafarroa) joan zen, Estefania Etxebesteren buruan.
Lau kirolari lehiatu ziren atzo arratsaldean Azkoitian: Etxebeste bera, Olaia Esnaola azpeitiarra, Udane Ostolaza oriotarra eta Eider Garcia Durana gasteiztarra. Hiru minutuko txandatan, lau harri jaso behar izan zituzten kirolariek: 113 kiloko errektangularra, 100 kiloko zilindroa, 88 kiloko kubikoa eta 75 kiloko bola. Txan guztietan hurrenkera berean lehiatu ziren: Ostolaza lehendabizi, Esnaola bigarren, Garcia Durana hirugarren eta Etxebeste azkena.
Horrelakoetan, azkena aritzeak abantaila ekarri ohi du, edota presioa, lehiakideek egindako lana eta markak jakinda aritzen delako azken tokian lehiatzen dena. Atzokoan, abantaila bai, seguruenez, baina presio handirik ez zion eragin Etxebesteri txanda bakoitza ixtea. Izan ere, koska handia atera zien lehiakideei harri guztiekin, eta nagusitasun osoz gailendu zen nafarra, hasi eta bukatu. Zortzi aldiz altxatu zuen errektangularra, hemezortzi aldiz zilindroa, hamar aldiz 88koa eta hemeretzi aldiz 75ekoa; guztira, 55 altxalditan 5.000 kilo jaso zituen sorbalda gainera Iturengoak.
Garcia Duranak ez zion batere ondo ekin txapelketari. 113 kiloko errektangularrarekin ezinean aritu zen eta berea izan zen marka txarrena, hiru altxaldirekin. Beste hiru harriekin, ordea, bikain aritu zen arabarra, sailkapenaren bigarren postua eskuratzeraino: 11 altxaldi egin zituen 100 kilokoarekin, hamar 88koarekin eta hamalau 75ekoarekin; 38 altxaldi eta 3.362,5 kilo, guztira.
Esnaolak 29 altxaldirekin eta 2.587,5 kilorekin lortu zuen hirugarren postua: 113koa bost aldiz, 100 kilokoa zazpi aldiz, 88koa lautan eta 75ekoa hamahiru aldiz jaso zituen azpeitiarrak. Ostolazak, berriz, 24 altxaldi batu zituen denera, eta 2.112,5 kilo: lautan altxatu zuen 113koa, bost aldiz 100ekoa, hiru aldiz 88koa eta hamabi bider 75ekoa.
Aitortza eta gaztetxoak
Bi ordu inguruko ikuskizun trinkoaz gozatzeko aukera izan zuten atzo Gurean elkartu ziren herri kirolzaleek. Txapelketaren aurretik, harri jasotzaile gaztetxoen erakustaldiarekin hasi zen ikuskizuna. 8 urteko Udane Perurena iturendarra, 12 urteko Izadi Agirre abadiñarra (Bizkaia), eta 14na urte dituzten Irati Osinalde azpeitiarra eta Goiatz Galarraga oriotarra aritu ziren atzo jendaurrean Azkoitian.
Bukaerako sari banaketan, berriz, urteetan herri kirolen sustapenean lan egin ondoren iaz erretiroa hartu zuen Luis Mari Bengoa omendu zuten antolatzaileek; Iñaki Perurena ere Gurean izan zen atzo, eta sariak banatzen parte hartu zuen azkenean.