Azkoitiko Gazte Asanbladak Julio Urkixo etorbideko eraikin bat hartu ondoren, astebururako prestatu duen egitarauaren lehen ekintzek hartu zuten atzo gauean Gaztetxe bihurtu nahi duen espazioa.
Asanbladako kideek 18:00etan ireki zituzten sasoi batean Lidl supermerkatua kokatuta egon zen Julio Urkixo etorbideko eraikinaren goiko solairuko ateak, eta haren ondotik, topa egin zuten Azkoitiak Gaztetxea izango duela ospatzeko. Afaria ere egin zuten gunean bertan, eta kontzertu akustiko batek girotu zuen Gaztetxearen lehen gaua. Ramona's First Evil Boyfriend taldeko musikariak arduratu ziren lehen musika saioa eskaintzeaz.
Gaurtik igandera artean ere izango da bestelako ekintzarik han: goizean, auzolana egingo dute, eta arratsaldean, afaria, beste kontzertu akustiko bat eta karaokea izango dira; bihar ere auzolanean hasiko dute eguna, eta iluntzean, kalejira egingo dute Gaztetxera, eta kontzertu akustikoarekin borobilduko dute larunbata; igandean, azkenik, arratsaldean auzolana egingo dute berriro, eta ondoren batzarra egingo dute gazteek. Amaitzeko, Iagomagok ikuskizuna eskainiko du.
Asanbladako kideen helburua da "espazio bizia, irekia, parte hartzailea eta herriko gazteen beharrekin lotura" duena eraikitzea. Herritarrei gunea ezagutzera joateko gonbidapena egin diete, "parte hartzea eta espazio berria" denen artean eraikitzen segitzeko.
Hain zuzen, okupatu duten espazioan askotariko jarduerak egingo dituzte datozen hilabeteetan. Besteak beste, kontzertuak, hitzaldiak, tailerrak, formakuntza saioak nahiz bestelako kultur ekimenak nahiz egitasmo sozialak egingo dituzte.
Aldarrikapena "egia" bihurtu
AGAren azken hilabeteetako kezka nagusia izan da Gaztetxe baten beharra, eta aldarrikapena "egia" bihurtuz, atzo arratsaldean hainbat gazte elkartu ziren eraikinaren kanpoaldean. Leihoetatik Ongi etorri Azkoitiko Gaztetxera zioen pankarta ere zabaldu zuten.
Han adierazi zutenez, herriko gazteentzat "antolakuntzarako, sormenerako eta ekimen sozialetarako zein kulturaletarako espazio bat martxan jartzeko helburuz" gauzatu dute okupazioa. Ondorioz, Azkoitiko gaztetxea "errealitate" bihurtu dela esan zuten. Gainera, gaur egungo testuinguru sozialak eta politikoak antolakuntzarako espazio independenteen beharra "argi uzten" dutela adierazi zuten: "Mundu mailako gatazka, zapalkuntza eta ziurgabetasun egoerek tokian tokiko ondorio zuzenak dituzte, eta Azkoitian ere horren adibideak ikusten dira egunerokoan: etxebizitza eskuratzeko zailtasuna, gazteentzako espazio faltak, lan baldintza prekarioak edota diskurtso arrazisten nahiz matxisten presentzia gero eta handiagoa".