Julio Urkixo etorbideko eraikin bat okupatu dute Azkoitiko Gazte Asanbladako kideek

Julene Frantzesena 2026ko martxoaren 26a

Hainbat lagun Azkoitian okupatu duten eraikinaren aurrean, gaur arratsaldean. (Julene Frantzesena)

Sasoi batean Lidl supermerkatua kokatuta egon zen eraikinaren goiko solairua hartu dute, Azkoitiko Gaztetxea "egia" bilakatuz. Okupatu duten eraikinaren leihoetatik Ongi etorri Azkoitiko Gaztetxera zioen pankarta zabaldu dute gaur arratsaldean, hainbat lagun kanpoaldean ziren bitartean. AGAk azaldu duenez, "antolakuntzarako, sormenerako eta ekimen sozialetarako zein kulturaletarako espazio bat martxan jartzeko helburuz" gauzatu dute okupazioa. Hainbat ekintza prestatu dituzte igandera bitarterako.

Sasoi batean Lidl supermerkatua kokatuta egon zen Julio Urkixo etorbideko eraikinaren goiko solairua hartu du Azkoitiko Gazte Asanbladak (AGA). Gaur jakinarazi du asanbladak eraikinaren zati hori okupatu duela, azken hilabeteetan egin dituzten aldarrikapenak egia bihurtuz. Izan ere, AGAk Azkoitian Gaztetxe baten beharra zegoela aldarrikatu du askotariko ekintzen bidez azken boladan.

Gaur, 18:00en bueltan elkartu dira eraikinaren kanpoaldean hainbat lagun, eta leihoetatik Ongi etorri Azkoitiko Gaztetxera zioen pankarta zabaldu dute, AGAko kideen nahiz hara joandako herritarren txaloen artean. Udaltzaingoa ere han inguruan ibili da, gazteak eraikinaren kanpoaldean ziren bitartean.

Herriko gazteentzat "antolakuntzarako, sormenerako eta ekimen sozialetarako zein kulturaletarako espazio bat martxan jartzeko helburuz" gauzatu dute okupazioa. Ondorioz, Azkoitiko gaztetxea "errealitate" bihurtu dela esan dute. Gainera, gaur egungo testuinguru sozialak eta politikoak antolakuntzarako espazio independenteen beharra "argi uzten" dutela erantsi dute: "Mundu mailako gatazka, zapalkuntza eta ziurgabetasun egoerek tokian tokiko ondorio zuzenak dituzte, eta Azkoitian ere horren adibideak ikusten dira egunerokoan: etxebizitza eskuratzeko zailtasuna, gazteentzako espazio faltak, lan baldintza prekarioak edota diskurtso arrazisten nahiz matxisten presentzia gero eta handiagoa".

Horren aurrean, AGAk dio antolakuntza ez dela aukera bat, beharra baizik, eta horregatik erabaki dutela "orain arte hutsik" egon den eraikinari "erabilera berria" ematea eta gazteen beharrei erantzungo dien "tresna kolektibo" bihurtzea. "Gaztetxea ez da soilik espazio fisiko bat izango, kultura, eztabaida, sormena, formazioa eta borroka politikoa uztartuko dituen topagunea baizik". Era berean, argi utzi dute espazio horretan ez dutela onartuko eraso matxistarik, LGTBIfoborik, arrazakeriarik edo bestelako zapalkuntzarik.

Bide luzearen emaitza

AGAk azaldu duenez, eman duten pausoa ez da bat-bateko erabakiaren ondorio izan, zazpi urteko ibilbidearen ondorio baizik: "Denbora horretan, herriko gazteek behin eta berriz mahai gaineratu dute gazteen topagune eta antolakuntzarako espazio propio baten beharra". Hain zuzen ere, bide horretan egin dute Kaleak hartuz, Gaztetxea lortu kanpaina. Horren barruan kokatu dituzte, besteren artean, kirol asteburua, Palestinaren aldeko egitarauak, bertso afariak, hitzaldi zikloak nahiz kontzertuak. AGAkoen ustez, gazteen antolakuntza "bizirik" dagoela eta gazteek herrian "eragiteko gaitasuna" dutela erakutsi dute egitasmo horiek denek.

Besteak beste, otsailaren 7an udalaren jabetzakoa den plazako eraikin batera sartu ziren asanbladako kideak, gaztetxe baten beharra zutela aldarrikatzeko. Orduko ekintza hura "sinbolikoa" izan zen, nolabait; Urola Erdiko gazte asanbladen topaketen barruan sartu tziren eraikinera, eta handik ordu batzuetara atera. Joan zen asteburuan, berriz, gaur sartu diren eraikinaren kanpoaldean mural bat margotu zuten AGAkoek. Hain zuzen ere, Kaleak hartuz, gaztetxea lortu margotu zuten horman, kolore zuri-gorriz. Eta gaur eraikin horixe hartu dute, Gaztetxe bilakatzeko helburuz.

Hainbat lagun gaur arratsaldean, Julio Urkixo etorbidean okupatu duten eraikinaren atarian. (Julene Frantzesena)

Egitaraua, datozen egunetarako

Okupatu duten espazioan askotariko jarduerak egingo dituzte datozen hilabeteetan. Hala azaldu du Gazte Asanbladak. Besteak beste, kontzertuak, hitzaldiak, tailerrak, formakuntza saioak nahiz bestelako kultur ekimenak nahiz egitasmo sozialak egingo dituzte. Gainera, zehaztu dute dagoeneko gaurtik igandera arteko egitaraua.

Asanbladako kideen hitzetan, helburua da espazio bizia, irekia, parte hartzailea eta herriko gazteen beharrekin lotura duena eraikitzea, eta aldi berean, herritarrei gunea ezagutzera joateko gonbidapena egin diete, "parte hartzea eta espazio berria" denen artean eraikitzen segitzeko. Ekin dioten bidea Azkoitiko Gaztetxearen "hasiera baino ez" dela aldarrikatu dute.

Hona hemen datozen orduetarako eta egunetarako prestatu duten egitaraua:

Gaur, osteguna

  • 19:00. Topa.
  • 20:30. Afaria.
  • 21:30. Kontzertu akustikoa.

Bihar, ostirala

  • 10:00. Auzolana.
  • 18:00. Jolasak.
  • 20:30. Afaria.
  • 21:30. Kontzertu akustikoa.
  • 22:30. Karaokea.

Etzi, zapatua

  • 10:00. Auzolana.
  • 20:30. Gaztetxera kalejira.
  • 21:30. Kontzertu akustikoa.

Igandea, martxoaren 29a

  • 16:00. Auzolana.
  • 18:00. Batzarra.
  • 19:00. Iagomago.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide