Gipuzkoako Mendizale Federazioak eta Anaitasuna mendi bazkunak elkarlanean antolatuta, Eskolarteko 38. Mendi Lehiaketako Ibilaldi Neurtua egingo dute martxoaren 15ean, igandez, Azkoitian. Gipuzkoako zenbait ikastetxetako ikasleek parte hartuko dute ibilaldi horretan.
09:30ean abiatuko dira mendizale gazteak mendira, herriko plazatik. Aurrena, parte hartzaile guztiek beren parte hartzea baieztatu beharko dute herriko plazan jarriko duten harrera mahaian; ikastetxeko ordezkariak egin beharko du bere eskolako parte hartzaile guztien baieztapena.
Behin hori eginda, mendira abiatuko dira, eta bi ibilbide izango dituzte aukeran gazteek: ibilbide luzea, 9,16 kilometro eta 321 metroko desnibel positiboa dituena, eta ibilbide motza, 7,54 kilometro eta 280 metroko desnibel positiboa dituena. Hain justu, Munoaundi eta Txalintxo zapalduko dituzte ibilbide luzean, eta Munoaundi, ibilbide motzean.
Boluntarioei deia
Anaitasuna mendi bazkunarekin batera antolatu du Gipuzkoako Mendizale Federazioak hil honen 15eko ibilaldia. Egun horretan boluntario moduan lan egin nahi duten herritarrei deia egin die herriko mendi taldeak. Hain justu, goizeko antolakuntza lanetan eta ibilbidean zehar egoteko eskatu du laguntza Anaitasunak. Boluntario bezala laguntza eskaintzeko prest daudenek honako lotura honetako galdetegia bete beharko dute.