Xabier Euzkitzek atzo, asteartea, eskaini zuen Euskaraz ganoraz! izenpean Azkoitian zuzenduko dituen hiru ikastaroetako lehena. Herriko euskara eta euskara batua landuko ditu komunikatzaileak Elkarguneko Oteiza aretoan eskainiko dituen hiru jardunaldietan, adierazkortasunari eta komunikazio-gaitasunari arreta berezia eskainiz. Udalak eta AEK-k elkarrekin antolatu dute ikastaroa 24. Korrika Kulturalaren barruan.
Atzoko saioan egunerokotasunean zalantza sortzen duten euskarazko esaldiak eta hitzak aztertzeko parada hartu zuten, eta horretarako, jolasak eta abestiak erabili zituen Euzkitzek. Bertsotan ekin zion euskaltzaleak ikastaroari: "Euskararik onena da norberarena, eta txarrena berriz, egiten ez dena", esan zuen euskaltzaleak. Dena den, hitanoari buruz zenbait kontu ere landu zituzten.
Atzoko saioaren ondotik, martxoaren 3an eta martxoaren 10ean eskainiko ditu Euzkitzek datozen bi saioak Elkarguneko Oteiza aretoan. 18:30etik 20:00etara bitartean izango dute herritarrek euskaraz ganoraz egiten ikasten jarraitzeko aukera. Saioetan parte hartzeko ez dago aurrez izena eman beharrik.