Inauteriak 2026

Kolorez eta festa giroz blai dago herria

Iraia Oteiza 2026ko otsailaren 14a

Irudimenez betetako mozorroak ikusteko aukera izan da arratsaldean herriko kaleetan. Ikuskizun ugari eskaini dituzte taldean mozorrotu direnek, eta musikak are gehiago piztu du inauterietako egun handiko festa giroa. 

Euripean jarraitu arren festak ez du etenik gaur Azkoitian. Goizean jai giroa nagusitu bada, arratsaldean are jende gehiago batu da mozorro festara. Askotariko mozorroak aurkeztu dituzte lehiaketan izena emandako taldeek, eta era guztietako ikuskizunak eskaini dituzte kalean zein plazako arkupeetan. Dena den, lehiaketara aurkeztu ez diren herritarrek ere mozorro deigarriak erakutsi dituzte.

Mozorroekin batera, musika izan da arratsaldean festa puztu duena, herriko plazan Joselu Anaiak musika taldeak emanaldia eskaini baitu. Mozorroei begira ez bada, musikariekin dantzan, herritarrek aukerako festa izan dute arratsaldean. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide