Inauteriak 2026

Eman daiteke izena inauterietako mozorro lehiaketetan

Andoni Elduaien 2026ko otsailaren 2a

Herritar batzuk iaz Abadiñoko sanblasetan murgildu ziren. (Andoni Elduaien)

Azkoitiko Udalak gaur zabaldu du banakako nahiz taldekako mozorroen eta tabernen lehiaketen izen ematea; hilaren 13ra arte egongo da lehiaketetan parte hartzeko izen ematea zabalik. Era berean, erakundeak gaur jakinarazi du aurtengo inauterietarako egitaraua.

Herritarrek eman dezakete izena inauterietako mozorro lehiaketetan. Azkoitiko Udalak gaur, astelehena, zabaldu du lehiaketa horietan izena emateko epea, eta irekita egongo da hilaren 13ra bitartean. Izena udaletxeko Herritarren Arreta Bulegoan edo erregistro elektroniko bidez eman daiteke; udaletxeko bulegoa 07:30etik 15:30era egon ohi da zabalik, astelehenetik ostiralera. 

Aurten, otsailaren 14an ospatuko du Azkoitiak inauterietako egun nagusia, eta orduan egingo dute udalak antolatutako mozorro lehiaketa. Parte hartzeko, 16 urte edo gehiago izan behar direla azpimarratu du udalak. Ordea, izango da beste aldaketa nagusi bat aurten; izan ere, partaideek Plazaberriko Kale Nagusia 104 zenbakiaren paretik –Aldalur sastreria zenaren aurretik– igaro beharko dute aurten. Epaimahaiko kideak 19:30etik 20:30era bitartean egongo dira gune horretan lehiaketan izena emandakoen mozorroak ikuskatzen. Ondoen apainduta edo dekoratuta dauden tabernak ikustera, berriz, 19:00etatik aurrera igaroko dira haiek.

Sari banaketa 21:00etan egingo dute herriko plazan jarriko duten oholtzan. Ohi bezala, bi kategoriatan banatuko dituzte sariak: talde txikiena (gehienez sei lagun) eta talde handiena (sei lagunetik gora). Kategoria bakoitzean hiru sari banatuko ditu udalak. Talde txikiei dagokionez, irabazleak 300 euro jasoko ditu, 200 euro bigarren taldeak eta 150 euro hirugarrenak. Talde handietan, berriz, 600, 500 eta 400 euroko sariak jasoko dituzte lehen hiru sailkatuek, hurrenez hurren. Ondoen apaindutako tabernak, berriz, 200 euro irabaziko ditu.

Egitaraua ere prest

Inauterietako egun nagusia hilaren 14an izango bada ere, Azkoitian bezperan murgilduko dira karnabal giroan. Ostiral Mehe egunez, beti lez, ikastetxeetako haurrak izango dira protagonista. 15:45ean hasita, herriko kaleak kalejiran zeharkatuko dituzte haiek. Gero, udalak eskainitako merienda egingo dute plazan, eta indarrak hartutakoan, Gauargi taldeak dantzaldia eskainiko du. Musika talde horrek 17:15etik iluntzera arte girotuko du herriko plaza (eguraldi txarra eginez gero, Gurea frontoian). 

Gauean, berriz, Elkargunea bihurtuko da gaztetxoen topaleku. 21:30ean hasita, 12 eta 17 urte bitarteko gazteentzako disko festa eta mozorro lehiaketa egingo dituzte han. Xabi Fest DJ azkoitiarrak jarriko du musika, eta mozorro onena duten taldeak sarituko dituzte bertan. 

Musikarik gabe ez dago inauteririk, eta zapatuan ere nonahi eta noiznahi entzun ahal izango da. Goizean, Txalkor txistulari taldearen (12:00etatik aurrera), Azkoitiko Musika Bandaren nahiz Bizkargi musika eskolako banda txikiaren (12:30etik aurrera) eta Latuna Bando txarangaren (13:00etatik aurrera) kalejirak izango dira. Herriko plazan, berriz, Joselu Anaiak musika talde mitikoak eskainiko du dantzaldia arratsaldez nahiz gauez. Arratsalde partean, 18:30etik 21:00etara joko dute, eta gauean, 22:30etik gauerdira bitartean.

Gune morea

Hilaren 14an, bestalde, Sexu-Bizi-Gune Morea zerbitzuko kideak eliz atarian egongo dira 21:30etik 00:30era bitartean. Gune horretan, besteak beste, sexualitatea nahiz harreman osasuntsuak sustatzea, eta prebentzioa modu integralean lantzea izango dute helburu. Informazioa eta aholkularitza eskainiko dituzte, eta eraso matxisten aurrean babeslekua da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide