Ana Azkoitia alkateak komunikabideetan egindako adierazpenen aurrean, egiarekiko eta azkoitiarrekiko errespetuz, hiru alderdi garrantzitsu zehazteko beharra ikusten dut:
- Alkateak 'onartzea' eta 'bozkatzea' nahasten ditu: foru arauak ez du udal gobernu bat behartzen aurrekontuen onarpena ziurtatuta izatera (hori borondate politikoaren eta taldeen botoaren mende baitago), baina bai behartzen du, zorrotz gainera, aurrekontuok abenduaren 31 baino lehen osoko bilkuran bozkatzera. Kontua ez da alkateak araua bete "ezin izan" duenik; kontua da, alde bakarrez, osoko bilkurarik ez deitzea erabaki zuela, kontrolatzen ez zuen eztabaida demokratiko bat eta bozketa bat saihesteko.
- Arau-haustea onartzea: kontraesankorra da "legez kontrako ezer ez dela egon" esatea eta, hurrengo esaldian, foru arauak jasotzen duena ez dela bete onartzea. Arauak betetzea ez da aukera bat kargu publiko batentzat. Edozein herritarrek galdetuko du nola den posible "legea bete ez dela" onartu eta, aldi berean, hori "legea urratzea ez dela".
- Arartekoa eta aldundia errespetatzea: herritar batek Arartekoa edo aldundia bezalako erakundeen aurrean jarritako salaketa "zentzurik gabekotzat" jotzea kontrol demokratikoa deslegitimatzeko saialdi bat da. Ez naiz ni izango, erakunde independente horiek baizik, Azkoitiko Udalak foru arauak bere komenientziara urratu ditzakeen ebatzi beharko dutenak. Horregatik, eskumenak dituzten bi bideetara jo dut:
-
- Arartekoari, herritarren eskubideak eta administrazioaren jardunbide egokiak urratu diren zehaztu dezan.
- Gipuzkoako Foru Aldundiari, foru araua (guztion dirua arautzen duen legea) urratu den epaitu dezan.
Amaitzeko, asko pozten naiz presioaren ondorioz Azkoitirako akordio bat lortu delako azkenean, baina garbitasun demokratikoak exijitzen du erakundeek legearen mende funtzionatzea, eta ez agintea duenaren nahierara.