Hamargarren urteurrena ospatuko du Bizilore eskolak

Andoni Elduaien 2026ko urtarrilaren 13a

Biziloreren 10. urteurrenaren harira, eskolak Portaleburun zabaldu duen erakusketa. (Ane Olaizola)

Erakusketa, ipuin kontaketa saioa eta hitzaldia izango dira aste honetan Portaleburu aretoan. Datorren iganderako antolatu dute, bestalde, urteurrena ospatzeko eguna. 

Azkoitiko Bizilore eskolak hamar urte bete berri ditu, eta urteurren hori ospatzeko, astebeteko egitarau berezia prestatu dute. Bizilore, 10 urte ametsak egi bihurtuz lelopean, hamargarren urteurreneko ekintzak egingo ditu aste honetan eskolak. Besteak beste, erakusketa, ipuin kontaketa, hitzaldia eta urteurrena ospatzeko eguna antolatu ditu Bizilorek datozen egunetarako.

2015. urtetik hona, "ibilbide luzea bezain oparoa" egin du Bizilorek. Guraso talde txiki baten gogotik sortu zuten eskola, eta egun, homologatutako ikastetxe bat da. Gainera, Eusko Jaurlaritzak interes bereziko hezkuntza proiektu pilotu gisa du izendatuta. 2 urtetik 16 urtera bitartean lantzen dute han hezkuntza zikloa, eta egun, guztira, 37 familia eta 62 ume inguru daude batuta. Biziloreko familien artean, Azkoitikoez gain, badira Urolako beste herri batzuetakoak ere, hala nola Azpeitikoak, Zestoakoak edota Zumaiakoak; baita, eskola medio, beste herri batzuetatik Azkoitira bizitzera etorri diren herrietakoak ere, esaterako, Ondarroakoak (Bizkaia), Eibarkoak (Gipuzkoa) edota Donostiakoak. 

Eskola gurasoek sortutako irabazi asmorik gabeko Hazitik kooperatibak kudeatzen du; gurasoek kudeatzen dute %100ean. "Euskal Herrian autogestio eta garapen maila hori lortu duen hezkuntza proiektu bakanetakoa da, bakarra ez esatearren", azaldu dute Biziloreko kideek.

Hitzordu ugari

Egindako bideari aitortza egiteko asmoz antolatu ditu Bizilorek ekintzak aste honetarako. Dagoeneko hasiak dira urteurren biribil hori ospatzen; izan ere, atzo zabaldu zuten erakusketa Portaleburu aretoan. Hain justu, Altamira auzoko eskolan lana nola egiten duten erakutsiko dute han; astelehenetik ostiralera 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik, eta zapatuan zein igandean, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. 

Biziloreren eraskusketa, Portaleburun. (A.O.)

Ekintza gehiago ere izango dira erakusketa aretoan. Gaur, Odei Arregi ipuin kontalariak Kamaleoiaren azala ipuin kontaketa saioa egingo du (17:30). Barrura begiratuz, barrukoa kanpora ateratzeko saioa eskainiko du Arregik. Etzi, berriz, Huheziko Xabier Iturraldek Adimen artifizial sortzailea eta hezkuntza hitzaldia eskainiko du (18:00). Adimen artifizialak hezkuntzan sor ditzakeen abantailez eta arriskuez jardungo du azpeitiarrak.

Igandeko ospakizun egunarekin itxiko du Bizilorek urteurreneko egitaraua. 11:00etan, Bizijolas txokoa jarriko dute Berdura Plazan; Biziloreren filosofiarekin bat egiten duen jolas proposamena izango dute aukeran haurrek han. Ordu berean, eskola ezagutzeko bisita gidatua ere egingo dute. Ordea, eskolak jakinarazi du izena eman beharko dela aurrez. Eguna borobiltzeko, aurrena, trikipoteoa egingo dute, eta ondoren, bazkaria. Eskolaren proiektuarekin bat egiten duten kideen eta proiektuaren laguntzaile izan direnen arteko lagunarteko otordua izango da igandekoa.

Hona hemen urteurreneko egitaraua:

  • Urtarrilaren 12tik 20ra
    • Bizilore, 10 urte ametsak egi bihurtuz erakusketa, Portaleburu aretoan. Astelehenetik ostiralera, 17:00etik 20:00etara, eta asteburuan, 11:00etatik 14:00etara nahiz 17:00etatik 20:00etara.
  • Gaur, asteartea
    • 17:30. Odei Arregi ipuin kontalariaren eskutik, Kamaleoiaren azala ipuin kontaketa, Portaleburu aretoan.
  • Etzi, osteguna
    • 18:00. Xabier Iturralde ikertzailearen eskutik (Huhezi), Adimen artifizial sortzailea eta hezkuntza hitzaldia, Portaleburu aretoan.
  • Urtarrilak 18, igandea
    • 11:00. Bizijolas deituriko jolasak, Berdura Plazan. 
    • 11:00. Bisita gidatua Bizilore eskolara; izena eman behar da aurrez.
    • 13:30. Trikipoteoa, herriko kaleetan zehar. 
    • Ondoren. Eskolako kideen eta proiektuaren laguntzaileen arteko bazkaria. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide