Ane Plazaola: "Gure inguruan ez dago irristaketarako aukera handirik"

Andoni Elduaien 2025eko abenduaren 5a

Hamabost urte daramatza Ane Plazaola patinatzaileak kirol hori praktikatzen. Gandiako (Herrialde Katalanak) proban bere adinekoen mailako azkarrena izan zen azkoitiarra. 

Espero ez zuenean eta espero ez bezala hasi zen Ane Plazaola (Azkoitia, 1984) irristaketa praktikatzen. Duela egun batzuk Gandian (Herrialde Katalanak) garaipena eskuratu zuen bere adinekoen mailan, eta garaipen horrek hauspotuta, entrenatzen eta probetan parte hartzen segitzea da bere asmoa.

Duela hamabost bat urte hasi zinen irristaketan trebatzen, ezta? Zerk erakarri zintuen kirol horretara?

Kasualitatez hasi nintzen. Kuadrillakoak Landetara [Frantzia] ginen joatekoak, eta han bidegorri luzeak zeudela eta, patinak eraman behar genituela erabaki genuen. Ordea, neuk artean ez nuen patinik, eta lagun baten bikotekideak utzi zizkidan. Handik gutxira, Azkoitiko kiroldegian irristaketako ikastaro bat antolatu zuten, eta kuadrillako hiru bat lagunek eman genuen izena. Jendea ezagutzeko aukera izan genuen hitzordu horietan, eta haietako batek esan zigun Donostian bazegoela irristaketako talde bat, ibilbideak-eta antolatzen zituena. Halaxe hasi ginen Donostiara bueltaka; gainera, lasterketak egiten zituztenez, proba batzuetan parte hartzeari ekin nion.

Trebatzetik lehiatzera igaro zara.

Lilatoiari lotutako lasterketa izan zen nire aurrenekoa; parte hartzeko helburu soilarekin atera nintzen orduan. Gero, Salto 15K Donostia Klasikoan atera nintzen. Gogoan dut euria ari zuelako korrika amaitu genuela proba hura; ez ginen ausartu patinekin amaitzera. Nire hasierako asmoa ez zen lehiatzea; hasieran probetan parte hartzea zen helburua, horiek hastea eta amaitzea. Ordea, denborak aurrera egin ahala, hobekuntza sumatu nuen teknika aldetik, eta serioago entrenatzen hasi eta lasterketetan lehiatzen amaitu dut.

Nola joan dira azken urte hauek?

Azken urte hauetan gorabeheratsu ibili naiz. Pandemia aurretik, 2018 eta 2019 urteetan, Espainiako Kopan parte hartu nuen Itsasmendi taldearekin. Urte horietan zortzi edo hamar maratoi egingo nituen. Pandemia etorri zen gero, eta haren ostean parte hartu nuen lasterketa batean. Ordea, proba hori jokatu eta gero, COVID-19a hartu nuen, eta utzi egin nion irristaketan ibiltzeari. Aurten hasi naiz berriro serio entrenatzen eta pare bat probatan parte hartu dut.

Azken proba Gandian jokatu duzu, eta gainera, zure adinekoen mailako aurrena izan zara. Garaipen horrek hauspotu al zaitu irristaketan segitzera?

Proba irabazteagatik baino gehiago, maratoia baldintza egokietan amaitu izanagatik nago pozik. Datorren urtera begira, entrenatzen jarraitzea da nire asmoa; ea lasterketaren baten edo bestean parte hartzen dudan.

Zertan oinarritzen dira irristaketako lasterketak, irteera eta helmuga ahalik eta azkarren lotzean?

Gandian maratoia egin dut, baina proba horren barruan bazeuden 24 kilometroko eta hamar kilometroko lasterketak ere, profil eta maila desberdinetako jendeak parte har zezan. Zirkuituetako txapelketak ere egiten dira kiroldegietan edo irristaketarako dauden pista berezietan. Halako probetan puntuak banatzen dituzte zirkuituari itzuliak emandakoan. Demagun, zirkuitu baten barruan, hiru puntu jasotzen ditu itzuli bakoitzean helmugako lerrotik aurrena igarotzen den patinatzaileak, bi puntu jasotzen ditu bigarrenak, eta puntu bat, hirugarrenak. Itzuli bakoitzean puntuak banatzen dituzte, eta amaieran, puntu gehien bildutako patinatzaileak irabazten du. Irristaketaren barruan modalitate desberdinak daude.

Itsasmendi abiadura irristaketa kirol elkarteko kidea zara. Nolatan batu ziren elkarte horretara?

Espainiako Kopan parte hartzeagatik. Espainiako Kopan, banakako lanaz gain, taldekakoa ere hartzen zuten kontuan; lasterketa bakoitzean hiru emakumeren eta hiru gizonen puntuak hartzen zituzten kontuan. Neskak behar zituzten taldean, eta horregatik batu nintzen. Aurretik, Donostiroller izeneko taldean aritu nintzen; ibilbideko eta slalomerako aukera eskaintzen zidan talde horrek, baina Espainiako Kopan parte hartzeko igaro nintzen Itsasmendi elkartera.

Nolakoa izan ohi da zure entrenamenduetako errutina?

Irristaketako proba baterako, korrikako lasterketa baterako bezalako prestakuntza behar da. Hasieran, sasoi pixka bat hartzeko patinen gainean ibili ohi gara, eta gero hasten gara serieak-eta lantzen. Astean zehar lau bat entrenamendu egiten ditut, oro har: astearteetan eta ostegunetan, Azpeitia eta Lasao arteko bidegorrian ibiltzen naiz, batik bat. Zapatuetan, normalean, bizikletan egiten dut ibilaldi bat, eta igandeetan, Donostian elkartzen gara, kilometro gehiago eta intentsitate handiagoarekin egiteko. Dena den, proba baten edo besteren aurrean, entrenamenduak desberdin egiten ditut.

Arriskua ere izango du irristaketak, ezta?

Abiadura handia hartzen da, eta eroriz gero, kolpe handiak jaso daitezke, baita zauri handiak egin ere. Lasterketetan derrigorrez eraman behar izaten dira kaskoa eta eskuetako babesak. Aukerakoa izaten da, berriz, belaunetako eta ukondoko babesa janztea. Nik lasterketa guztietan Kevlar galtzak janzten ditut, eroriz gero ere, ipurdian edo izterretan zauririk ez izateko.

Abiadura handia aipatu duzu... Zer abiadura hartzera ailegatzen zarete?

Nik hartu dudan gehieneko abiadura 55 km/h-koa izan da. Profesional mailakoek, ordea, 90 km/h-ko abiadura hartzen dute Iruñeatik Gareserako maratoian.

Zein da irristaketari dagokionez inguruotan dagoen panorama?

Gure inguruan ez dago irristaketarako aukera handirik; Iruñea eta Gares artean jokatzen da P2P izeneko proba, baina, bestela, ezer gutxi. Hemen inguruan, Salto 15K Donostia Klasikoan edota herrietako korrikako probetan irristaketakoa antolatzen dutenean izaten dugu aukera.

Zer uste duzu falta dela errepideko irristaketa gehiago ikusarazteko edota hari balioa emateko?

Irristaketa ez da asko ikusten den kirola Azkoitian eta Urola Kostan. Egoera hori iraultzeko, haurtzarotik hasi behar da lanketa egiten. Ikastaroak antolatzen badira, pilotan edo futbolean bezala, umeek izena ematen dute. Azpeitian, batzuetan, ikastaroak antolatzen dituzte, eta iloba nahiz haren lagunak joan izan dira klaseetara. Ilobaren lagunek ez zekiten zer zen patinatzea, eta orain, gustatu egin zaie; asko, gainera. Esango nuke beren gustuko kirola dela irristaketa. Ikastaroek laguntzen dute halakoetan; izan ere, ikastaroetan ez ezik, kalean ere ibili egiten da jendea, kalean jendeari inbidia sortzen zaio norbait patinatzen ikusita, eta azkenean, izena ematen amaitzen dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide