Elkarte bihurtu dute Babes Sarea, eta Jon Lasa presidente izendatu

Ane Olaizola 2025eko azaroaren 24a

Azkoitiko Babes Sarearen zuzendaritza taldea. (ABS)

Batzarra egin zuen joan zen astean Azkoitiko Babes Sareak, eta han erabaki zuten elkarte izaera hartzea. Lasa, Julen Garate eta Olatz Gabilondo dira zuzendaritzako hiru kideak. 

Azkoitiko Babes Sareak urtebeteko ibilbidea errepasatzeko batzarra egin zuen joan zen astean, baina egitasmoaren etorkizunari buruz ere hitz egin zuten saio "emankor" hartan, eta taldeak elkarte izaera hartzeko hautua egin zuten han bildu ziren 25 bat lagunek aho batez. Horrenbestez, zuzendaritza taldea osatu zuten, eta Jon Lasak hartu zuen presidente kargua. Idazkaria, berriz, Julen Garate izango da, eta diruzaina, Olatz Gabilondo. 

Babes Sareak azaldu duenez, zuzendaritza ahalik eta txandakatuena egiten saiatuko dira, jakin badakitelako talde askoren "arazo nagusienetakoa" izaten dela zuzendaritzan erreleborik ez egotea, eta hori saihestu nahi du elkarteak. 

Gaixotasun neurodegeneratiboren bat duten pertsonen eta haien senideen zaintzan laguntzeko xedez, lanean diharduen boluntario sarea da Azkoitiko Babes Sarea. Gaiari lotutako askotariko hitzaldiak antolatu ditu azken hilabeteetan, eta Kultur Etxeko laugarren solairuan du egoitza. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide