Juintorreko jauregia eta Amuteko Damie

Gurutz Garmendia (Sustraiak Bizirik elkarteko kidea) 2025eko azaroaren 22a

Juintorre jauregia. (Ane Olaizola)

Gurutz Garmendia Sustraiak Bizirik elkarteko kideak honako gutun hau bidali du Gukaren erredakziora, Juintorre jauregiaren egoera dela eta.

Gaur goizean, beste askotan bezalaxe pasieran gindoazela, Juineko Dorretxeari begira geratu naiz. Alde batetik, pozez begiratu diot, herrian horrelako jauregi ederra dugulako; eta bestetik, oso penauta, duen egoeragatik. Oraindik paretak zutik mantentzen badira ere, teilatua erortzen eta txikitzen hasita da dagoeneko, eta behin ura sartzen hasten denean, akabo kristo. Agur, Juintorre. Herriko altxorretako bat azkenetan egon arren, ez da egin esku hartzerik. Ez dakit nik zeinen ardura izango den jauregi hori berritzea, baina ez dirudi inongo interesik dagoenik horretarako.

Penagarria benetan. Herriko ondarea baldin bada, nolatan erortzen laga? Eraikin horrek, edertasunaz gain, balore historiko handia dauka, eta ez hori bakarrik. Barandiaranen lanetan jasotzen denez, Juintorre gune mitologikoa ere bada; Marirekin lotutako gunea, hain zuzen ere.

Alde batetik esan, gure herrian, itxura denez, Amuteko Damie deitzen geniola Mariri edo Anbotoko Damari, toki bakoitzean izen desberdinak hartzen baititu. Bestalde, hitzez hitz, hauxe dago jasota Barandiaranen Diccionario Ilustrado de mitologia Vasca liburuan: "Gabean illargi ederraren argi parean jartzen zan alakoxe emakume aundi-aundia, ta Izarraitzpeko Baldatxo baserritik Juintorre alderatuaz, illargi betearen musu borobillak bere burua inguratzen zuala, orrazten joaten zan. (D. Nemesio de Etxanizek Azkoitian jasoa 1921. urtean)".

Badirudi Marik ere, Amuteko Damiek ere, alegia, gustuko zuela txoko hori. Aspaldi esan zuten: nora joan behar garen jakiteko, nondik gatozen jakin behar dugu. Horretan gabiltza gaur egun ere, iparra erabat galduta, eta karramarroak bezalaxe, aurreraka egin beharrean, atzera egiten.

Teilatatua puskatzen ari zaio Juintorreko jauregiari... Behin betiko goianbegoa eman behar al diogu?

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide