Añube eta Trini Fox taldeen kontzertuak bihar, herriko plazan

Andoni Elduaien 2025eko azaroaren 14a

Añube musika taldeko kideak, emanaldi batean. (Añube)

Bi musika talde horiek 22:30ean hasita ariko dira herriko plazan. Udalak eta tabernarien elkarteak antolatu dituzte emanaldiak. Rock eta punk rock doinuak nagusituko dira bihar herrian, San Andres jaien atariko gisa.

Añube eta Trini Fox taldeek kontzertuak eskainiko dituzte bihar, zapatua, herriko plazan. 22:30ean igoko dira Añubeko musikariak herriko plazako agertokira beren doinuak eskaintzera, eta haien emanaldia amaitu bezain pronto igoko da Azkoiti-Azpeitiko musikariek osatzen duten Trini Fox taldea. Udalak eta Um Blem Ble tabernarien elkarteak antolatu dute biharko musika gaua.

Añube musika taldeak duela bost urte hasi zuen bere ibilbidea, eta harrezkero, arrakasta handia lortu dute Euskal Herriko bazter guztietan. Aitor Bedia Hans abeslaria buru, Arrasateko, Bergarako, Aretxabaletako eta Ataungo (Gipuzkoa) musikariek osatzen dute rock talde hori. Bi lan kaleratu ditu musika talde horrek: 2022an argitaratu zuten lehena, musika taldeari izena eman zion Añube izenekoa, eta iaz, Errautsetatik loratzen izenekoa kaleratu zuten. Doinu indartsuak aurkeztuko dituzte bihar Azkoitian, euskarazko eta gaztelerazko letrak uztartuz.

Trini Fox musika taldekoen txanda Añubekoen ondoren izango da. Urrestillan sortutako punk rock taldeak iaz kaleratu zuen Flanagan EPko abestiak eskainiko dituzte plazan. Azken disko horren aurretik kaleratutako Letaginak eta Ataraxia lan luzeetako zenbait abesti ere joko dituzte, ordea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide