On Jenaro Lekuona Azkoitiko erretore ohiaren aldeko hileta elizkizuna egin zuten atzo arratsaldean, eta izatez bergararra bazen ere, Azkoitian eman zioten azken agurra apaizari. Herritarrak ez ezik, Azkoitiko Musika Banda ere izan zen Andre Mariaren Jasokundeko parrokian egin zuten hiletan, eta musikariek bi pieza jo zituzten elizkizunaren amaieran, elizaren atarian.
85 urterekin hil zen herenegun Azkoitian 24 urtez erretore izandakoa. 1978. urtetik 2002ra artean bete zuen kargu hori hark, eta urte hartan Arrasatera lekualdatu zuten; 2007an, berriz, erretiroa hartu zuen. 2002an bertan, Azkoitiko Udalak omenaldia egin zion Lekuonari, eta Azkoitiko semetzako izendatu zuten.