Eguneroko zientzia jendarteratzeko asmoz, Zientzia Kalean erakusketa hartuko du Azkoitiak

Andoni Elduaien 2025eko azaroaren 13a

Irudiko moduko panelak jarriko dituzte eliz atarian. (Zuiako Udala)

Zientzia Kalean erakusketak egunerokoan erabiltzen edo kontsumitzen diren produktuen atzean dagoen zientzia azaltzen du. Eliz atarian jarriko dituzte informazio panelak hilaren 18tik 28ra bitartean. Herriko ikastetxeek eta Herrixenek ere parte hartuko dute udalak eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatutako egitasmoan.

Zientzia Kalean erakusketa hartuko du Azkoitiak datorren asteartetik aurrera. Udalak eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Kultura Zientifikoko Katedrak antolatuta, zientziaren ezagutza jendartean zabaltzeko xedea duen egitasmoa hartuko du herriak hilaren 18tik 28ra.

Zientzia Kalean EHUren Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Museoaren egitasmoa da. Azken hilabeteotan erakusketa Gipuzkoako hainbat herritan izan da, hala nola Beasainen, Ordizian edo Abaltzisketan. Egitasmoak EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak "zientzia gizartearen txoko eta ertz guztietara hurbiltzeko" helburua du, zientziaren ezagutza ahalik eta jende gehienaren esku jarriz. 

Egunerokotasunaren parte diren zenbait konturi erantzuten dieten formatu handiko 11 infografia erakutsiko dituzte eliz atarian hamar egunez; besteak beste, ogia nola harrotzen den, barra kodeen atzean zer dagoen edota sukaldeko plaka batek nola funtzionatzen duen azaltzen duten panelak jarriko dituzte eliz atarian. 

Ilustrazioetan egunero kontsumitzen edo erabiltzen diren produktuetan dagoen zientzia erakutsiko dute Azkoitian. Telefono mugikorren, barra kodeen, autoen, txertoen edo sukaldeko plaken funtzionamendua zein den ere. Oso ohikoak diren beste elementuei eta jakiei buruzko informazio zientifikoa ere aurkituko dute erakusketara hurbiltzen direnek, hala nola ogiari, jogurtari, iturriko urari, garagardoari, zuhaitzen hostoei edota frutari buruzkoa. Panel bakoitzean QR kode bat aurkituko dute herritarrek, eta bertan infografia guztiak deskargatu ahal izango dituzte, euskaraz zein erdaraz.

Zientzia ikasgeletan eta dendetan

Kalean egingo den erakusketatik haratago doa proiektua; izan ere, herriko ikastetxeek eta dendariek ere parte hartuko dute egitasmoan. Batetik, Herrixen merkatari elkartearekin elkarlanean, eliz atarian jarriko dituzten paneletako infografiak poster formatuan jarriko dituzte elkartearen barruko dendetan. Saltoki bakoitzak bere produktuekin edo sektorearekin zerikusia duen posterra jarriko du. Okindegietan, esate baterako, ogiaren zientziari buruzko infografia aurkituko dute herritarrek.

Bestetik, ikastetxeek beren hezkuntza jardueran txertatuko dute erakusketaren gaia. Gainera, zozketa bat ere egingo dute; ikasleek infografietan oinarritutako galdetegi bat bete ahalko dute, eta udalak tablet bat zozkatuko du galdera guztiei zuzen erantzuten dieten ikasleen artean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide