Hiru asteburuz luzatuko den jai giroan murgiltzeko prest dira herritarrak, udalak zein eragileek ere prest baitute festen bueltako egitaraua. Erakundea gaur, astelehena, hasi da programa etxez etxe banatzen, eta han ikus daitekeen moduan, ohiko ekintza andanak hartuko ditu herriko txokoak datozen egunetan.
Larunbat gauean hasiko dira festen atariko aurreneko ospakizunak, Añube eta Trini Fox musika taldeen emanaldiekin. Arrasateko, Bergarako, Aretxabaletako eta Ataungo (Gipuzkoa) musikariek osatzen dute rock taldeak aurrenekoz zapalduko du plazako oholtza, eta haien aurretik, Azkoiti-Azpeitiko Trini Fox taldea arituko da zuzenean.
Hurrengo asteburua beteagoa izango da ospakizunei dagokienez, eta orduan ere izango da zertaz gozaturik. Kirol probek, azokak zein dantza emanaldiek hartuko dituzte, besteak beste, herriko txokoak, baina helduen danborradak hartuko du protagonismo handiena. Danbor joleak hasi dira dagoeneko hilaren 22 gauean egingo duten desfilea prestatzen, eta aurten, inoiz baino talde gehiagok parte hartuko dute; hamahiruk, hain zuzen. Guztira, bostehun herritarrek baino gehiagok osatuko dute danborrada, eta eguraldiak laguntzen badu behintzat, ohiko ibilbidea egingo dute horiek 22:00etan hasita: Aingeru kaletik abiatuta plazara joango dira, eta han lehenengo geldialdia egingo dute. Handik Plazaberri zeharkatuko dute, eta Balda plazan bigarren geldialdia egingo dute. Han pieza batzuk jo ostean, Julio Urkixo kalera joango dira, berriro Plazaberri zeharkatu eta plazara iristeko. Behin han guztiak elkartuta, danborradako pieza guztiak joko dituzte.
Biharamunean, berriro herriko plaza izango da herritarren elkargune, ohikoa den moduan, inguruko baserrietan ekoiztutako produktuen azoka zein bolillo lanen erakusketa izango baitira. Musika eta dantzak ere izango du lekua egun horretan: batetik, Bizkargi musika eta dantza eskolak eta Txalkor txistulari taldeak San Andres kalejira eskainiko dute, eta bestetik, Bat Bitan taldea osatzen duten Arkaitz Allur eta Maddalen Arzallusek plaza dantzak eskainiko dituzte.
Ezbairik gabe, ordea, azaroko azken asteburua izango da bereziena, aurten San Andres eguna igandea izanik, egun horretan zein bezperan jai giro betean murgilduko baitira herritarrak. Hilaren 29an, San Andres 30. Xake Txapelketa egingo dute goizean zehar, eta dultzaineroak ere arituko dira kaleak girotzen. Arratsaldean, berriz, musika izango da protagonista, Muni eta Garai disko jartzaileen zein Joselontxos txarangaren eskutik.
Hilaren 30ean, berriz, baserritar giroa izango da jaun eta jabe herrian, San Andres eguneko ohiturari jarraituz. Plazako arkupeetan jan-edan postuak jarriko dituzte hainbat taldek eta ikastetxek, eta eguerdian, herri kirol erakustaldiak hartuko du erdigunea. Beste behin, Txuri Urdin marrazki lehiaketa ere egingo dute goiz horretan zehar, eta arratsaldean, Kontzejupe Sariaren finalak jokatuko dituzte Kontzejupean. Eguna borobiltzeko, Joxe Mendizabalen erromeriarekin agurtuko dituzte negu atariko festak.
Hona hemen egitaraua osorik:
Azaroak 15, larunbata.
- 22:30. Añube eta Trini Fox taldeen kontzertuak, plazan.
Azaroak 22, larunbata.
- 16:00. Haurren San Andres Igeri Saria, Elkargunean, Zubiaurre igeri elkarteak antolatuta.
- 16:30. XX. Herri Lasterketa, Raka Maraton kirol elkarteak antolatuta.
- 22:00. Helduen danborrada.
Azaroak 23, igandea.
- Goizean zehar, baserriko produktuen azoka eta bolillo lanen erakustaldia, plazan.
- 10:30. Talo tailerra, plazan.
- 11:00. Bizkargi musika eskolako dantzari eta musikariak, Txalkor txistulari taldearekin batera, herriko kaleetan zehar. Oharra: eguraldi txarrarekin, Elkarguneko plaza aretoan ospatuko da.
- 12:30. Bat Bitan-ekin (Arkaitz Allur eta Maddalen Arzallus) plaza dantzak, Goiko Losan. Oharra: eguraldi txarrarekin, Elkarguneko Herriko
Plaza aretoan ospatuko da.
Azaroak 29, larunbata.
- 10:00. San Andres 30. Xake Txapelketa, Elkargunean, Anaitasuna Kakute xake taldeak antolatuta.
- 10:00. Dultzaineroen kalejira, Txalkor txistulari elkarteak antolatuta.
- 18:00. DJ Muni eta DJ Garai, Berdura Plazan, Holz Und Blech taldeak antolatuta.
- 18:30. Joselontxos txaranga.
Azaroak 30, igandea. San Andres eguna.
- Egun osoan zehar, taloak, txistorra… plazako arkupeetan.
- 09:30. Herriko dultzainero eta trikitilarien kalejira.
- 10:00. Marrazki lehiaketa, Txuri Urdin elkarteak antolatuta.
- 11:00. Herriko trikitilarien kalejira.
- 11:30. Txalkor txistulari taldearen kalejira, Mendaro eta Azpeitiko txistulariekin batera.
- 12:30. Herri kirol jaialdia, plazan.
- 14:00. Marrazki lehiaketako sari banaketa, plazan.
- 16:00. Kontzejupe Sariaren azken partidak Kontzejupean, Oteiza pilota elkarteak antolatuta.
- 20:00. Joxe Mendizabalekin erromeria, plazan.