Izarraitz ere festara batuta, inoizko talde gehien izango dira helduen danborradan

Ane Olaizola 2025eko azaroaren 5a

Iazko danborrada, plazan. (Arnaitz Rubio Aprea)

Izarraitz areto futbol taldearekin, hamahiru izango dira guztira hilaren 22ko danborradan parte hartuko duten konpainiak. Belañoko taldekideak Eskoziako jantziekin aterako dira estreinakoz. 

Sanandresen atarian, danbor joleak hasi dira, Tata elkartearen eskutik, hilaren 22an egingo duten desfilea prestatzen, eta aurten, inoiz baino talde gehiagok parte hartuko dute helduen danborradan, Izarraitz areto futbol taldea ere batu baita festara. Horrenbestez, hamahiru taldek desfilatuko dute danborradan, eta guztira, bostehun herritar baino gehiagok parte hartuko dute han. 

Izarraitz taldearen parte hartzea izango da datorren danborradak izango duen berrikuntza nagusia, baina ez bakarra: izan ere, Belaño taldeak jantziak estreinatuko ditu, konpainiak hiru urte betetzen baititu aurten danborradan, eta halakoetan, udalaren "konpromisoa" izaten da taldeek hirugarren urtea betetzen dutenean haiei jantziak finantzatzea. Belañoko taldekideek Eskoziako jantziak eramango dituzte soinean. 

Aurten, 77. aldia izango du danborradak, eta udalaren arabera, "indartsu" dator. Honako hauek izango dira desfilean parte hartuko dutenak: Napoleon, Txintxarri, Pilotariak, Ixkitturri, Euskal presoen eskubideen aldeko taldea, Aldapa, Zalduntxoak, Belaño, Floreaga ikastetxea eta Xabier Munibe Ikastola –eskola bakoitza bina talderekin— eta Izarraitz areto futbol taldea. Azkoitia, Tatiago, Idiarena, Umore Ona, Diana, Xoxote eta iaz estreinatu zuten San Martin martxa joko dituzte, besteak beste, hilaren 22 gauean herriko kaleetan. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide