Ertzaintzaren kontrol batetik ihes egin duen gidari baten bila ari dira

Ihintza Elustondo 2025ko aza. 2a, 09:39

Ertzaintzaren kontrol bateko irudia.

GI-631 errepidean jarri duten alkoholemia kontrolean ez da gelditu Zumarragatik Azkoitiarantz zihoan ibilgailu bat, eta haren atzetik abiatu dira Ertzaintzaren patruilak. Ibilgailua segurtasun arauak bete gabe gidatu du inguruko errepideetan, eta Martirieta auzoan autoa laga eta landa pistetatik jarraitu du oinez. Autoa aurkitu dute, baina gidariak ihes egin du. Ertzaintzak identifikatu du: 48 urte ditu. 

Ertzaintzaren sekulako mugimenduarekin esnatu da gaur goizean Azkoitia. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun sailak hedabide honi jakinarazi dionez, GI-631 errepidean jarri duten trafikoko kontrol batean –alkoholemia eta drogen kontrolean, zehazki–, ez da gelditu Zumarragatik Azkoitiarantz zihoan ibilgailu bat, eta haren atzetik abiatu dira Ertzaintzaren patruilak, gidaria harrapatzeko eta identifikatzeko asmoz.

08:30 aldean ihes egin du autoak kontroletik, eta Ertzaintzaren arabera, "modu txarrean gidatuz ibili da inguruko errepideetan barrena". Iturri berak arratsaldean kaleratutako oharrean gehitu duenez, gidaria "ibilgailua ausarkeriaz gidatzen hasi da Azkoitirako noranzkoan, seinaleak eta bidearen abiadura mugak errespetatu gabe, lerro jarraituan aurreratzeak eginez eta errepideko gainerako erabiltzaileak arriskuan jarriz". Ondoren, ibilgailua Azkoitira iritsi da, eta han oinezkoen pasabideak "ausarkeriaz" zeharkatu ditu. Udaltzaingoaren patruila batekin gurutzatu denean, gainera, autoak udaltzainen autoaren atzeko ispilua jo du.

Ertzaintzaren arabera, "polizia baliabideen abisu eta seinale guztiei jaramon egin gabe", gidaria Azkoititik atera da, eta tokiko errepide batetik eta pista batetik jarraitu du; gainera, jabetza pribatu baten hesia aurretik eraman du. Han autoa utzi eta oinez jarraitu du landa pistetatik. 

Identifikatuta, baina atxilotu gabe

Eguerdirako aurkitu dute ibilgailua; hedabide honek jakin ahal izan duenez, Martirieta auzoan. Dena den, gidariak ihes egin du eta ez dute haren arrastorik oraingoz. Ertzaintzak identifikatu du ihes egindako pertsona, eta iturri horrek jakinarazi du 48 urte dituela. Haren bila jarraitzen du Ertzaintzak. 

Gipuzkoako Trafiko Unitateko eta Urola Kostako ertzain etxeko patruilek parte hartu dute ibilgailuaren jarraipenean. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide