Aizkibel liburutegian urtero egiten duten moduan, umeek zientzian zein teknologian sakontzeko aukera izango dute datorren astean, bi tailer eskainiko baitituzte han. Bata ingeniaritzari buruzkoa izango da, eta bestea biologiari buruzkoa.
Hilaren 12an, asteazkenez, ingeniaritza tailerra izango da Elhuyarren Bizilabe zentroaren eskutik, eta han parte hartzen dutenek arlo hori gertutik ezagutzeko aukera izango dute erronken bidez, taldean eta sormena erabilita. Hurrengo egunean, berriz, biologia izango dute ardatz. Biologiako eta genetikako hainbat kontzeptu modu praktikoan ikasteko eta ikusteko aukera izango dute ikasleek, hala nola DNAren erauzketa eta pigmentuen banaketa.
Izen ematea zabalik
Bi saioak 18:15etik 19:45era bitartean izango dira liburutegian, eta LH3, LH4, LH5 eta LH6. mailakoek parte hartu ahal izango dute. Horretarako, gaurtik hilaren 12ra bitartean eman daiteke izena, Aizkibel liburutegira joanda edo 943-85 08 98 telefono zenbakira deituta.