Oholtza gaineko ezerosotasunez aritu dira Aner Peritz eta Onintza Enbeita bertsolariak

Maddi Txintxurreta 2025ko urr. 30a, 10:49

Aner Peritz eta Onintza Enbeita bertsolariak arduratu ziren atzo Maxixatzenen Euskola zikloa ixteaz. Oholtzan azalera daitezkeen deserosotasunak feminismotik, euskaratik eta bertsolaritzatik behatu zituzten. 

Aner Peritz eta Onintza Enbeita bertsolariek Deserosotasunak kudeatzen izeneko hitzaldia eskaini zuten atzo Elkarguneko Intsausti aretoan. Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak antolatutako Euskola zikloaren laugarren eta azken solasaldia izan zen atzokoa.

Belaunaldi desberdinetakoak izanik, bertsolaritzaren eta euskararen munduak ere habitatzen dituzten ezerosotasunez aritu ziren Enbeita eta Peritz, baita mundu horietan feminismoz sartzeko egin izan dituzten ahaleginez, lorpenez eta ezinez ere. "Ezin dugu bertsolaritza ulertu euskararik gabe; bada, nik ezin dut bertsolaritza ulertu feminismorik gabe. Ni ez nintzateke bertsolari izango, eta agian gaur egun bertsolaritzan gauden emakume talde hori ere ez", agertu zuen muxikarrak.

Peritzi, bestalde, Enbeitak eta gisakoek egindako lanari esker, feminismoz murtxikatuago iritsi zitzaion bertsolaritza. "Gure bertsotako erreferente asko feministak dira", nabarmendu zuen. Areago, zarauztarrak baieztatu zuen gaur egun feminismoak bertsozaletzen eta euskalduntzen duela jende asko.

Azpimarratu zuten, hori bai, feminismoaren nahiz euskararen kontrako oldarraldiak bertsolariak ere harrapatzen dituela azpian, eta oholtzan den horrek deseroso eta bortitz bizi ditzakeela erreakzio atzerakoi horiek.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide