Palestinaren aldeko nahiz Israelen kontrako mezuekin herriko hormak eta eraikinak zikindu izana kritikatu du Ana Azkoitia Azkoitiko alkateak. Gazte Koordinadora Sozialistari (GKS) egotzi dio pintaketen egiletza, eta zera adierazi dio erakundeari: "Horrela ez dira gauzak defendatzen".
Pasa den astean agertu ziren Palestinaren aldeko pintaketak herriko zenbait lekutan. Zehazki, bost identifikatu ditu udalak: Goiko Losan, Kale Nagusiko BBVAren sukurtsalean, Engranajes Xubi enpresan, BM supermerkatuaren ondoko horman, Atrasku tabernako janari-makinen ondoan eta eraberritu berri den Aizkibel kaleko Lasao Etxearen fatxadan.
"Gure hormak zikindu behar diren Israelen aurka protesta egiteko edota Palestina defendatzeko?" galdetu du Azkoitiko alkateak. Ohar batean, adierazi du "sena duen pertsona oro" Gazako genozidioaren aurka dagoela, baina hori ez dela aitzakia "nahi duguna egiteko". "Gainera, –gehitu du– lotsagarria iruditzen zait pintadak egin izana sare sozialetan ekintza heroiko bat balitz bezala erakustea".
Herritarrentzat "errespetua" eskatu du Ana Azkoitiak, eta jakinarazi du Udaltzaingoa pintaketak egin dituzten pertsonak identifikatzeko lanetan ari dela. "Gure erantzukizuna da errudunak seinalatzea. Pintadak egin dituzten eraikin gehienak jabetza pribatukoak dira. Grazia ederra egingo zioten. Horrela ez dira gauzak defendatzen", gaitzetsi du.