Sahatsa dantza taldeak Sahatsa Azkoitiko plazan ikuskizuna eskainiko du zapatuan, Azkoitiko plazan; 19:00etan hasiko da haien emanaldia. Dantza talde horretako Juan Luis Lizabek zuzendutako azken sormen lanaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek orduan; izan ere, Euskal Herri luze-zabaleko dantzak aurkeztuko dituzte Sahatsako dantzariek zapatuko jaialdian.
Ikuskizunak, guztira, ordubete inguruko iraupena izango duela aurreratu du Lizabek. Dantzak herriko plazan eskainiko badituzte ere, Aingeru kaletik, Baztarrikaldetik, behera kalejiran egingo dute hara arteko bidea dantzariek, eta plazara iritsi bezain pronto ekingo diote lanari. Formatu handiko emanaldia eskainiko dute Sahatsakoek han, Lizabe zuzendariaren esanetan "plaza eta espazio handietarako aproposa" dena. Zehazki, ia 30 dantzarik parte hartuko dute emanaldian, eta haiei dantzarako erritmoak jartzen hamar musikari arituko dira. Gainera, aurkezle bat arituko da zapatu arratsaldeko hitzordua bideratzen.
Sahatsak aurtengo sasoirako prestatutako lana aurkeztuko du herriko plazan. "Uztailean Azpeitian eskaini genuen ikuskizuna, eta harrera oso ona izan zuen. Iaz, Otsagabiari eskaini genion ikuskizuna, eta aurten, Lapurdiri eta Nafarroa Behereari", azaldu du Lizabek. Dantza blokea "berria eta oso koloretsua" dela aurreratu du hark.
Euskal Herrian mendez mende ondutako Lapurdiko eta Nafarroa Behereko jauziekin, kontradantzekin eta dantza luzeekin hasiko dute ikuskizuna Sahatsako dantzariek. Bizkaian barrena girotutako dantzak eskainiko dituzte ondoren, Durangaldeko Dantzari Dantza ziklorako aukeratutako dantzak, hain zuzen. Joten musikan oinarritutako lanak ere aurkeztuko dituzte haiekin batera. Kostaldera egingo dute jauzia segidan, Kaxarrankaren irudia eta nekazarien belardietako lanak dantzen bidez erakutsiz. Zuberoako dantzen oin-jokoez osatuko dute datorren zapatuko ikuskizuna.