Correos banaketa eta posta erakundeak Azkoitian eskaintzen duen zerbitzuaren atzerapenek eraginak izan dituzte hainbat herritarrengan. Bularreko minbizia goiz detektatzeko programaren barruan dagoen herritar bat kexu agertu zen kontsultarako hitzordua astebete beranduago, proba egiteko eguna eta ordua igaro eta gero, jaso zuelako.
Abuztuaren 13an jaso zuen kaltetutako herritarrak Onkologikorako hitzordua hilaren 6rako zuela azaltzen zuen eskutitza. "Gutuna etxera banatzeaz arduratzen den Correos zerbitzuarekin harremanetan jarri naiz, eta esan didate abuztua izanik atzerapenarekin dabiltzala banaketan. Onkologikora deitu dut, eta eskutitza noiz igorri zen begiratzeko esan didate. Sorpresa: Onkologikoak uztailaren 3an igorri zuen hitzorduaren berri ematen zuen eskutitza. Hilabete eta erdi geroago banatu dute etxera", azaldu zuen bizilagunak.
Kaltetu horren arabera, Azkoitian "antzeko kasu asko" gertatu dira. "Askotan gertatzen ari den zerbait da eskutitzak berandu banatzearena", adierazi zuen. Eragindako kalteak ikusita, banaketa enpresari "dagokion salaketa jartzeko" ahalegina egingo zuela azaldu zuen herritarrak.
Correosen erantzuna
Gipuzkoako Correoseko ELAren ordezkariek "arrazoi osoa" eman zioten kaltetutako azkoitiarrari, eta azaldu zuten azken urteetan Correosek hartu dituen antolakuntza erabakiek "zerbitzuaren kalitate galera" ekarri dutela bai Azkoitian, bai beste herri askotan. "Azkoitian, orain bost urte, bulegoan jendearen aurrean bi langile aritzen ziren lanaldi osoan, eta banaketan, berriz, bost lagun goizetan lanaldi osoan eta bat arratsaldeetan lanaldi erdian. Jubilatzen diren langileak ez ordezkatzea erabaki du Correosek, edo lanaldi murriztuarekin kontratatzea ordezkoa. Gaixotasun baimenak edo oporrak ez dira behar bezala ordezkatzen. Orain, Azkoitiko Correosen bezero arretan langile bakarra dago, eta banaketan goizetan hiru eta arratsaldeetan bakarra", azaldu zuten sindikatuko ordezkariek.
ELAko ordezkarien esanetan, Correosek "kalitatea eta zerbitzua" izan beharko lituzke helburu zerbitzu publikoa den heinean, eta ez etekin ekonomikoa. Ordea, azken urteetan zuzendaritzak hartu dituen erabakiak "bide horretatik" joan direla azaldu zuten. "Correoseko langileen adinaren batez bestekoa handia da, baina erreleboa ez da behar bezala prestatu, eta horrek beteranoen jakituria galtzea eta hasi berriak direnen prestakuntza falta ekarri ditu. Guztiak izan gara hasiberriak eta denbora behar izan dugu ikasteko, baina hori azkarrago lortzen da maisu onak baldin baditugu".
Langile eta esperientzia faltaz gain, sindikatuko ordezkariek adierazi zuten azken asteetan izan diren eguraldi beroengatik ere banaketa orduak murriztu egin behar izan dituztela. Murrizketa horren ondorioz, 10.000 eskutitz, aldizkari eta gutun-azal baino gehiago egon dira azken egunetan Azkoitiko Correosek Aizkibel kalean duen egoitzatik ezin aterata.
Kexak jartzeko deia
Correoseko beharginek egoera salatu dute, hura zein den azaltzearekin batera. Ordea, Correoseko agintariek "neurririk ez" dutela hartzen nabarmendu dute. Horren aurrean, herritarrei dei egin diete: "Zerbitzua hobetzea nahi baldin badugu, herritarron laguntza beharko dugu, eta bide onena kexak jartzea da; ea modu horretan zuzendaritzak entzungor egiteari utzi eta arazoari irtenbidea ematen dion".