Azkoitian erraldoi bat estreinatuko dute datozen andremarietan, eta emakumezko traza izango du umeentzat hain gozagarri izaten diren figura handien irudi berriak. Kontuan izanda erraldoiek pertsonaia historikoak edo herri arketipoak irudikatzen dituztela, pilotaria izango da pilotaren sehaskako festa nagusian kalera aterako duten erraldoi berria.
Izan ere, herriko sei erraldoietako bat ordezkatzea erabaki du udalak; bikote pilotariena, alegia. Orain arte, gizon itxurakoak ziren bi pilotari erraldoiak, eta parekidetasuna "justiziazkoa" delako eta emakume pilotarien figura balioesteko asmoz eraldatu dute horietako bat. Hain zuzen, berdintasunaren bidean egindako "urrats txiki bat" dela azaldu du udalak: "Azkoitia pilotaren sehaska dela esan ohi dugu, eta sehaskari emakumeek eutsi izan diote. Pilotaren munduan gizonek zein emakumeek egin izan dute ekarpen handia, bakoitzak egokitu izan zaion lekutik. Horregatik, bidezkoa da gizon eta emakume pilotariak ateratzera herriko kaleetara, biak ala biak ondoan eta bidelagun".
Figura, gaira egokituta
Ez da edonolako lana herriko festen protagonista izan ohi diren erraldoietako bat egitea, eta Iñigo Borda artistak izan du udalaren eskutik jasotako enkargua gauzatzeko aukera. Aurrez ere jardun izan du hark buruhandiak zaharberritzen, baina aurreneko aldia izan da erraldoi baten burua sortu duela, eta "oso gustura" sentitu da zeregin horretan; izan ere, artistak bere ibilbidea batez ere pinturan ondu badu ere, erakartzen dion arteetako bat da eskultura. Aldi berean, ordea, "erantzukizun handia" sentitu du sortze prozesuan, halako lan bat egiten zuen aurreneko aldia izanik, ziurgabetasuna ere izan duelako ondoan. "Buztin asko behar du erraldoiaren figurak, eta moldea egiterakoan pitzatzeko edota puskatzeko aukera dago. Horren beldur nintzen, eta erraldoiak egiten profesionala ez naizenez, zalantza asko izan dut bidean. Zorionez, ez da halakorik gertatu, eta gustura nago emaitzarekin", azaldu du.
Erraldoiek askotariko itxurak izan ohi dituzte, eta Bordak azaldu du sortzaile batzuek karikaturara jotzen duten bitartean, beste batzuek ahalik eta irudi errealistenak egiten dituztela. Azken horren aldeko hautua egin du Azkoitiko bizilagunak herriko pilotari emakumearen irudia egiteko garaian: "Erraldoiak izan zezakeen estilora moldatu behar nuen gaia, eta emakume pilotariaren karikatura egin izan banu, agian norbait minduko nukeen. Horregatik, irudi errealistagoa egiten saiatu izan naiz".
Hain zuzen, emakume pilotarien irudiak ikusiz sortu du Bordak bi aste barru argia ikusiko duen erraldoiaren burua, baina ez du artelanaren aurrerapen gehiago eman nahi izan; nahiago du sorpresa izatea, eta abuztuaren 14an, festetako txupinazoarekin batera, herritarrek bertatik bertara ezagutzea herriko ondare berria. "Orduan jasoko ditut kritika guztiak", dio, barrez, artistak.