Bertsotan saritu dituzte IV. Hike eizan bertsopaper lehiaketako irabazleen lanak

Andoni Elduaien 2025ko eka. 27a, 08:43

Lehiaketako irabazleei aitortza egin aurretik, Artetxe, Mendiluze, Iguaran eta Irazu aritu ziren bertsotan Elkargunean, Alberdi gai-jartzaileak gidatuta. Guztira, sei lagunen bertso sortak saritu zituen udalak.

V. Hika bertso saioa eta IV. Hike Eizan! bertsopaper lehiaketako sari banaketa egin zituzten atzo arratsaldean, osteguna, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan. Gunea ehun bat bertsozalez bete zen, eta haiek, aurrena, goi mailako bertsolarien saioa jarraitu zuten.

Eneritz Artetxe bertsolari azkoitiarra, Aitor Mendiluze, Oihana Iguaran eta Jesus Mari Irazu aritu ziren kantuan, Haritz Alberdi gai-jartzaile azkoitiarrak jarritako gaiei erantzunez. Askotariko jolasetan jarri zituen Alberdik bertsolariak, eta horiek ariketa hika erabilita osatu zuten sarri. Saioak izan zuen umoretik, baina baita euskararen aldeko aldarrikapenetik ere.

Bertso saioa amaitu bezain pronto hasi ziren, bestalde, IV. Hike Eizan! bertsopaper lehiaketako irabazleen lanak saritzen. Ana Azkoitia alkatea, Marijose Arregi Euskara zinegotzia eta Xabier Eizagirre Hike eizan! lantaldeko kidea igo ziren oholtzara sei sarituei diplomak ematen. Helduen mailan, Iñigo Legorburu hernaniarrak jaso zuen lehen saria (500 euro), Elkar ezagutuz lanari esker. Bigarren saria (250 euro), berriz, Juan Ramon Alberdi azkoitiarrak eskuratu zuen, Justizia lana tarteko. Helduen mailako Azkoitia saria (300 euro) Naia Arrizabalagak jaso zuen iaz bezala, Begi bustiei bertso sortagatik.

15 eta 18 urte bitarteko gazteen mailan, 2024an bezala, Oier Juaristi azkoitiarrak jaso zuen lehen saria (250 euro), Gure euskara zaharra bertsoengatik. Maila horretan lan bakarra aurkeztu da, eta beraz, ez zuten Azkoitia saririk banatu. 14 urte arteko umeen mailan, azkenik, Errezilgo Mikel Zabalaren bertsoak jaso zuen epaimahaiaren saria (125 euro), Errezilen galduta bertsoengatik. Haurren mailako Azkoitia saria (75 euro), berriz, Nora Arrizabalagak jaso zuen, Zaindu naunelako bertso sortarekin.

Antolatzaileek, gainera, saritutako lanak biltzen dituen liburuxka bana oparitu zieten Elkargunera hurbildu ziren herritarrei; izan ere, saria jaso ahala, irabazleek bertsoak abestu zituzten ikus-entzuleekin batera. Guztira, 22 bertso sorta aurkeztu dituzte herritarrek lehiaketaren aurtengo ediziora. Epaimahaia, berriz, Hike Eizan! taldeko eta Erniarraitz bertsozale elkarteko kideek osatu dute. Saioa ixteko, sarituek, epaimahaiko kideek, bertsolariek eta udaleko ordezkariek taldeko argazkia atera zuten. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide