Iñaki Beitia zenaren omenez, mendi martxa egingo dute igandean Gipuzkoako hainbat eskualdetan; hain zuzen, Goierri, Deba Garaia eta Urola Kosta zeharkatuko ditu ibilbideak. Aizpurutxokoaren omenezko 27. mendi martxa izango da aurtengoa, eta 32 kilometro eta erdian 1.800 metroko desnibela metatuko dute partaideek.
Datorren urtean beteko dira 30 urte Beitia zena hil zela; hura irakasle, kirolzale, euskaltzale eta zinegotzi izandakoa zen, eta 1996an hil zen. Beitia zendu eta urtebetera antolatu zuten haren lagunek hura omentzeko mendi martxa. Harrezkero, mila lagun baino gehiago elkartzen ditu urtero hitzorduak, eta ezinbestekoa da Urretxuren eta Zumarragaren egutegietan.
Iaz, hasiera batean, kolokan izan zen proba; izan ere, ordura arteko antolatzaileek martxa antolatzeari utziko ziotela esan zuten. Dena den, berehala agertu zen gazte talde bat erreleboa hartzeko prest, eta horien zein lanean jarraitzea erabaki zuten beteranoen bultzadarekin, Beitia oroitzen jarraitzen dute. Ane Garralda (Zumarraga, 1991) da antolatzaile berrietako bat: "Betiko lantaldeak mendi martxa antolatzeari utzi behar ziola jakin genuenean, ekitaldiari hauspoa ematea erabaki genuen; jarraipena behar zuela uste genuen. Mendiak eta Iñakiren historiak elkartu gintuen hainbat lagun; ezagunak ginen denak, baina kuadrilla desberdinetakoak". Aurrera egin zuten gazteek, "aurreko lantaldeari esker".
Urtero, apartekoa
Beitiaren izena eramate soilak "berezia" egiten du martxa, antolatzailearen iritziz. Garraldak esan duenez, halako ekintzek "herria hobeto ezagutzeko aukera" ematen dute, baita "herritarrak elkartzekoa" ere. Urretxuarrez eta zumarragarrez gain, inguruko herrietako jende ugarik egin ohi du aizpurutxoarraren omenezko ibilbidea, tartean baita azkoitiarrek ere. "Zumarragaren eta Urretxuren artean lotura handia dago, baina Azkoititik ere jende pila bat ari da etortzen azken urteetan, eta benetan eskertuta gaude. Horrek ere sortzen du gu guztion arteko elkartasuna".
Iñaki zenak mendira sarri jotzen zuen Irune Beitia (Azkoitia, 1972) haren arrebak esan duenez, eta hura gogoratzeko mendia tartean duen hitzordu bat antolatzea "berezia" da etxekoentzat ere: "Astebururo edo ahal zuen guztietan Pirinioetara edo Belagua aldera joaten zen Iñaki, izan neguan edo udan". Hori hala, igandeko eguna jai giroan igarotzen saiatuko dira etxekoak. "Urte askotan egin da martxa, baina, oraindik ere mantendu egiten da, eta familian festa eguntzat hartzen dugu Iñakiren omenezko ibilaldia". Nolanahi ere, hark adierazi du ez zutela probak biziraungo zuen itxaropen handirik. "Apur bat etsita ere bageunden gehiago ez zela egingo esan zutenean, baina antolatzaile berriak sartu dira eta eutsi egin diote. Polita da guretzat hori", dio.
Martxa egin aurreko egunean "urduri" ere ibiltzen dira etxekoak; izan ere, Aizpurutxoko pilotalekuan jarri ohi dute anoa postua, eta etxeko gehienak han ibiltzen dira lanean. "Prestaketek ematen digute lan pixka bat; salda ere aurreko egunean hasten gara prestatzen", azaldu du Beitiak. Boluntario bezala ez bada, ordea, martxan bertan irteten saiatzen dira senitarteko gehienak. "Ahal dugun guztiok parte hartzen dugu, ilobek ere bai".
Izena emateko deia
Martxan, guztira, mila bat lagunek parte hartuko dute, eta 150 bat lagun ibiliko dira boluntario lanetan. Partaideak Zumarragako Areizaga-Kalebarren enparantzatik aterako dira 07:00etan, eta Irimo aldera zuzenduko dira aurrena; handik Aizpurutxora jaisteko. Anoa postua atzean utzi, eta Beitia zenaren omenezko txartel ontzia dagoen Oñamendira igoko dira mendizaleak. Azkenik, Samiño eta Oleta arteko lepora joko dute eta handik Pagotxeta mendi gainera, bidegorrian zehar berriro irteera lekura itzultzeko.
Mendi martxan parte hartu nahi dutenek badute oraindik horretarako aukera; izan ere, zabalik dago proban izena emateko epea. Urretxuko kiroldegian, Zumarragako Ispilla kiroldegian, Urretxuko Lizeoan eta Ostadar mendi taldearen egoitzan aurrez aurre eman daiteke izena. Ordea, Internetez emateko aukera ere badago beitia.org webgunean. Antolatzaileek eta boluntarioek "sekulako ilusioa" dute iganderako, eta herritarrei martxan parte hartzeko deia egin diete.