Inauteriak 2025

Inauteriak familien hitzordu ere badira

Andoni Elduaien 2025ko ots. 26a, 11:00

Iaz, bakeroz jantzi zen lagun taldea. (Iraia Oteiza)

Inauterietan hutsik egiten ez duen taldea da Julen Etxanizen eta Xabier Arenazaren kuadrilla. Mozorro kuriosoak eta bereziak egin izan dituzte haiek urtez urte. Orain, gainera, familian parte hartzen dute, ume eta guzti.

Besteen, eta bereziki, norbere buruaren itxurari barre egiteko egunak izan ohi dira inauteriak, eta Azkoitian ere hasia dute ordurako atzera kontaketa. Herrian dagoeneko ezagunak dira lagun talde edo kuadrilla batzuk, haiek inauterietan mozorro bereziak, kuriosoak edota barregarriak erakutsi izan dituztelako. Mozorro lehiaketan hutsik egiten ez duen talde horietako bat da Julen Etxanizen (Azkoitia, 1984) eta Xabier Arenazaren (Azkoitia, 1984) kuadrilla. Adinez gazteagoak zirenean, mutilek bakarrik osatu ohi zuten taldea. Orain, baina, bikotekideekin eta haurrekin batera igaro ohi dute inauterietako larunbata. Aurten kaleak hartuko dituen lagunen kopurua "astakeria" da: 30 bat heldu eta hogei bat haur aterako dira mozorrotuta.

"Beti" landu izan dituzte mozorroak kuadrillan. Hegazkinlariz mozorrotu ziren urtean hasi zen haien ibili "serioa" inauterietan. Artean mutil kuadrilla zirela, urte hartan egin zituzten eskulanak-eta lehen aldiz. Hurrengo inauterietan, baina, jende gehiago batu zen taldera, aurrenekoz kuadrillakoen bikotekideak ere bai. "2017an, amishez mozorrotu ginen. Artean umerik ez zegoen kuadrillan, baina lagun baten bikotekidea –haurdun zegoela– atera zen gurekin", azaldu dute bi lagunek. 

Bikingoz, japoniarrez edo samuraiz, Ramones musika taldeko kideez edota drag queen-ez mozorrotu ziren gero. Kuadrillan parte hartze handiko urteak izan dituzten bezala, "bestelakoak" ere izan dituzte, ordea; batzuetan, mozorroak eraginda, eta besteetan, umeen zaintzagatik. "Drag queen-ez jantzi ginenean, ez zen umerik irten gurekin, gehienak jaioberriak ziren eta". Hori hala, aurreko urteetako loraldiak berriro "apaltzera" egin zuen haien taldean. Ez luzerako, ordea. 

C. Tanganaz mozorrotu ziren aurrenekoz talde handian, 2023an. (Nerea Uranga)

Jauzia, talde handira

Urte gutxiko haurrak izanda ere, festa berdin-berdin egin daitekeela erakutsi du azken urteetan haien taldeak. 2023an, C. Tangana musikariaz eta haren giroko lagunez jantzi ziren. "Urte hartan osatu genuen umeekin-eta lehenengoz talde handia. Umeak gai ziren jada mozorrotuta irteteko; gainera, nahi zuten, eta nola ez, gurasook ere nahi genuen denak batera mozorrotzea". Inauterietarako "sakrifizio dezente" egin izan dituzte taldean ilearekin eta bizarrarekin, eta urte hari lotuta kontatu dute anekdota bat. "C. Tanganaren itxura ile apaintzaileak eman zigula esan dezakegu. Zapatu goizean bertan kuadrillako ia lagun denak ile apaindegira joan ginen, eta hari esker salbatu genuen mozorroa; hark eman zion mozorroari tankera pixka bat". 

Kalean barrena mugitu, mugitzen direla diote bi lagunek, baina "finko samar" egon ohi dira. "eta behera gelditu gabe ezin izaten dugu ibili, baina Balda plazara, Plazaberrira, eliz atarira eta plazara iritsi ohi gara". Diotenez, umeek ez dute eraginik izan ohi horretan; unean-unean aldean eraman ohi dituzten elementuek bultzatzen dituzte horretara. "Traste asko izanez gero, ezin da ikaragarrizko martxarik ibili. Umeak geurekin izateak ez digu ezer aldatu". 

Trasteekin edota trasterik gabe kalera aterata ere, biek uste dute "karnabaletako saltsak gero eta ilusio handiagoa" pizten duela herritarren artean, baita urte gutxiko haurrak dituzten gurasoen artean ere. Bai Etxanizek, bai Arenazak diote jendeak "gero eta lan handiagoa" hartzen duela mozorroa prestatzeko, eta uste dute horrek berarekin ekarri duela herrian "giro ederra" sortzea. "Iaz, etxera igo eta balkoira atera nintzen une batez, eta ikaragarria iruditu zitzaidan Plazaberri nola zegoen ikustea; nik ez dut sekula kalea hala ikusi". Festarako ordua aurreratzeko hautua egin zuen duela urte batzuk udalak, eta biek diote horrek "lagundu" egin duela helduagoa den jendea mozorrotzeko garaian.

Bikingoz mozorrotu ziren urtean itsasontzia atera zuten. (Utzitakoa)

Gakoa, ideian sakontzea

Ideiak sortu ahala zerrenda bat osatzen joan ohi dira Etxanizen eta Arenazaren kuadrillan. Badituzte datorren urteetarako hautagaiak izan daitezkeenak ere, pentsa. Zapatuan jantziko duten mozorroa, esaterako, duela sei urte lagun batek proposatutakoa da, bikingoz jantzi ziren urtean mahaigaineratutakoa. "Beti baztertzen joan izan gara, baina aurten egitea erabaki dugu", azaldu dute. Batzuk horren goiz eta besteak horren berandu; izango baita oraindik prestaketak azkenerako utzita dituenik ere. 

Askotan "ideia on bat nahikoa" dela diote, eta denetariko burutazioak izan dituzte beren taldean ere. Behin otu zitzaien eliz atariko aldamioetara igo eta New Yorkeko hainbat langile eraikin batean zintzilik hamaiketakoa egiten ari direla erakusten duen argazki mitikoa irudikatzea ere. Iaz, berriz, bakeroz jantzi ziren; berez "mami handirik ez" zuen mozorroa. Dena den, taldeko kide guztiek bat egindakoan mozorroak "zentzua" hartu ohi duela nabarmendu dute. "Gai bat aukeratzen dugu, baina, gero, familia bakoitzak inguratu behar izaten du bere arropa. Modu horrek ukitu berezia ematen dio mozorroari, eta, aldi berean, aniztasuna erakusten dugu".

Mozorroak eskatzen duen traste kopuruaren arabera hasten dira inauterietarako antolaketa eta prestaketa lanetan; aurten, esaterako, duela "hiru edo lau" aste hasi zirela azaldu dute. Nolanahi ere, oraindik geratzen zaie lanik egiteko. "Umeak lotaratu eta gero, garaje batean elkartzen gara muntaketa lanak-eta egiteko".

Zer-nolako trapuen bueltan ezkutatuko diren ez badute esan nahi izan ere, "aurtengoak ere lan dezente" eman dio Etxanizen eta Arenazaren kuadrillari. Haien eta gainerako azkoitiarren burutazioen emaitzak ikusteko, kalea izango dute plaza zapatuan inauterizale kuriosoek.

Drag queen-ez mozorrotu ziren duela urte batzuk. (Utzitakoa)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide