Azkoitiko Udala Mugikortasun Jasangarrirako Plana osatzen ari da, eta lanketaren lehen fasean, saio irekia egin zuen atzo, asteazkena, herritarrekin. Elkarguneko Oteiza aretoan elkartu ziren hainbat norbanako eta udal ordezkari, eta planaren inguruko xehetasunak entzun ondoren, mugikortasunari dagokionean zer ohitura dituzten jorratu zuten horiek taldeka banatuta; besteak beste, oinezkoen ohiturak eta bizikleten, autoen, motorren edota garraio publikoaren erabilera aztertu zituzten guztien artean.
Ibilgailu pribatuaren ordezko aukerak bilatzearekin batera, mugikortasunerako modu jasangarriagoak sustatuko dituzten neurriak definitzea da Mugikortasun Jasangarrirako Planaren helburua. Leber Plangintza eta Ingeniaritza egiten ari da plana, eta hura martxan jarri zutenetik, hainbat ekintza egin dituzte herrian: besteak beste, ibilgailuak zenbatzeko neurgailuak jarri zituen udalak azaroan, eta galdetegi bat ere zabaldu zuten herritarren artean, zeinak 870 lagunek bete zuten. Lanketaren lehen faseko ekintza horiek diagnostikoa osatzeko balioko dute, atzoko lansaioak barne.