Azkoitian elkartu dira Euskadi Lagunkoiaren Gipuzkoako talde sustatzaileak

Andoni Elduaien 2024ko abe. 10a, 10:48

Gipuzkoako taldeetako ordezkariak, gaur, Elkargunean. (Udala)

Euskadi Lagunkoiaren Gipuzkoako talde sustatzaileetako ordezkariak bildu dira gaur goizean, Elkarguneko Oteiza aretoan. Datorren urteko erronkak definitzeko elkartu dira Azkoitian.

Euskadi Lagunkoiaren Gipuzkoako Lurralde Batzordeko ordezkariak Azkoitian elkartu dira gaur, asteartea. Elkarguneko Oteiza aretoan bildu dira Gipuzkoako talde sustatzaileak, datorren urtera begirako erronkak definitzeko.

Itziar de la Peña Eusko Jaurlaritzako ordezkariak ireki du gaurko batzarra, eta Ana Azkoitia alkateak egin die harrera; talde sustatzaileetako kideek egiten duten lana eskertu du hark. "Gaur egun, zaila da geuretik atera eta besteei denbora eta indarrak eskaintzea, eta zentzu horretan, Lagunkoia ekintza komunitarioaren eredu da", azaldu du.

Euskadi Lagunkoiaren ezaugarri nagusia "elkartasuna" dela azaldu du alkateak, eta egitasmo horren bidez, "elkartasuna hitzetatik ekintzetara eramatea" lortzen dela. Gainera, Lagunkoia sarera atxikita dauden herriek eta talde eragileek egiten duten ekarpena txalotu du alkateak.

Azkoitia ere Euskadi Lagunkoia egitasmora atxikita dago. Hain justu, herriko taldearen Pasira proiektuak duela gutxi Adinekoentzako Lagunkoitasunaren Praktika Onen Saria jaso du. Euskadi Lagunkoiaren Europako Jardunbide Egokien VIII. Jardunaldiaren barruan aitortu zuten Azkoitiko proiektua.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide