Azkoitiko udalbatzak azaroko ohiko osoko bilkura egin zuen atzo arratsaldean, eta aho batez onartu zituzten bozkatutako bi puntuak. Batetik, Urola Erdiko ikasleei eskaintzen dieten logopedia zerbitzua kontratatzeko, kudeatzeko eta finantzatzeko Azpeitia, Azkoitia eta Zestoako udalen arteko lankidetza hitzarmena onartu zuten; eta bestetik, Azkoitiko Udalak kirol arloan ematen dituen diru laguntzak beste oinarri batzuetan arabera emateko proposamenari hasierako onespena eman zioten.
Ana Azkoitia alkateak azaldu zuenez, kirol teknikari berriak ikusi du kirol arloko udal diru laguntzei "buelta bat emateko beharra", eta laguntza horiek hiru lerrotan banatuta ematea proposatu du: alde batetik, kirol elkarteen ohiko jarduerak finantzatzeko laguntzak; bestetik, kirol elkarteek eta gizabanakoek kirol ekitaldiak eta ekitaldiak puntualak antolatzeko laguntzak; eta azkenik, kirol talde edo banakako kirolariak kanpoko ezohiko txapelketetara joateko laguntzak.
Udal Gobernuak egindako proposamena aho batez onartu zuten PSE-EEko, Azkoitia Baik eta EH Bilduko ordezkariek; horrenbestez, diru laguntzak emateko oinarriak aldatzeari hasierako onespena eman zioten. Orain jendaurrean jarriko dute proposamena herritarrek ekarpenak egin nahi badituzte ere, eta horrelakorik ez balego, behin betiko onartutzat gelditu dira.
Logopedia zerbitzuaren inguruko hitzarmena, berriz, lehendik Urola Erdiko hiru herrietan eskaintzen duten zerbitzuari jarraipena emateko hitzarmena da. Izan ere, zerbitzu hori Azkoitiko Udalak kudeatzen du; eta trukean, Munoaundiren kudeaketa, adibidez, Azpeitiko Udalak egiten du. Udal talde guztietako ordezkariek aldeko bozka eman zioten logopedia zerbitzuaren inguruko hitzarmenari, logopedia zerbitzuaren beharrezkotasuna nabarmenduta. Azkoitia Baiko Joxe Joakin Etxanizek adierazi zuen ez litzatekeela onargarria inor logopedia zerbitzurik gabe lagatzea, eta PSE-EEko Janire Igoak ere ildo beretik egin zituen adierazpenak, zerbitzu horrek herritarren autoestimuan eta gizarteratzean izan dezakeen eragin ona azpimarratuta.