Bihar, ostirala, Guggenheim Urdaibai Stop! kolektibokoek hitzaldia eskainiko dute Matadeixen, 18:30ean. Udazkeneko Bebarruko Jardunen barruan eskainiko dute ingurumen aktualitatearekin lotura estua duen solasaldia.
Unescok 1984an Biosfera Erreserba izendatu zuen Urdaibaiko erreserba. "Biosferaren bihotza okupatuz eta itzulezinak izango diren kalteak eragingo dituzte; gainera, hori guztia diru publikoarekin", azaldu dute kolektibokoek. Gainera, han bi Guggenheim Museo eta horiek behar duten azpiegitura eraikita, "masen turismoa erakartzeko gune bihurtu" nahi dute.
Urdaibaiko ondare historikoa eta naturala "interes pribatuen mesedetan nabarmenki ustiatzeaz" gain, Busturialdeako (Bizkaia) "eskualdea turismora bideratu" nahi dutela dio kolektiboak. Haiek emandako datuen arabera, urtean 144.000 bisitari jasoko lituzke eskualde horrek ekaina eta iraila bitartean. "Eskualdeko 45.000 biztanleak eta udaro bertara hurbiltzen direnak zenbatuta, zenbaki beldurgarria da hilero jasoko litzatekeena".
Halaber, turisten etorrerak herritarren bizi baldintzetan eta tokiko ehun sozio ekonomikoan "ondorio kaltegarriak" eragingo lituzkeela uste dute kolektibokoek. "Kulturan eta artean baliatzen dira turismoan nahiz ostalaritzan oinarritutako negozio pribatuak sustatzeko", adierazi dute.
Igandean, azken hitzordua
2024ko Udazkeneko Bebarruko Jardunak ixteko, igandean, abenduaren 1ean, zuzeneko musika berreskuratuko dute Matadeixen, Iker Munduateren eta Alberto Lizarralderen eskutik. 18:30ean hasiko dira kontzertuak han, eta emanaldirako sarrerak Matadeirako sarreran bertan erosi beharko dira, 7 euroren truke.