Helduen danborradaren eta gau luzearen osteko ajeari aurre eginez, festa giroak jarraipena izan du gaur goizean ere Azkoitian. Eguerdia bitartean, pixkanaka bete dira herriko kaleak, eta plazan ere egon da zer ikusia eta zer erosia.
Herriko eta inguruetako zenbait baserritarrek etxeko produktuak eraman dituzte plazan egin duten sanandresetako azokara, eta besteak beste barazkiak, ogia, gazta, sagardoa edota loreak erosteko aukera izan dute bertaratu direnek. Bestalde, Bizilore eskolak talo tailerra egin du plazako arkupeetan, eta ume zein heldu ugari bertaratu da taloa egiten ikasi eta ondoren egindakoa txorizo zein txokolatearekin dastatzera. Kontzejupean, berriz, Euskal Herriko hainbat tokitatik etorritako ia ehun emakume elkartu dira bolillo lanean aritzeko.
Musika eta dantza ere ez dira falta izan goizean zehar. Gaztaneneatik abiatuta, kalejiran eta han hemenka erakustaldiak eskainiz ibili dira Bizkargi musika eta dantza eskolako dantzariak, trikitilariak eta txistulariak, Txalkor taldeko txistulariekin batera. Horiei herritar gehiago batu zaizkie eguerdian Goiko Losan, eta elkarrekin plaza dantzetan aritu dira, ordura arte sortutako giroa are gehiago alaituz.