Zalduntxoen jantzien aurkezpena, igeriketa sariketa eta kontzertuak, sanandresak girotzen hasteko

Andoni Elduaien 2024ko aza. 14a, 09:08

Desgaraian taldea, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean. (Kulturaz)

Aurten, hiru asteburutan banatuta egingo dituzte San Andres jaiei lotutako ekintzak. Lehen asteburuari lotuta, zapatuan Zalduntxoak taldearen jantzi berriak aurkeztuko dituzte, San Andres igeriketa sariketa jokatuko dute, eta musika taldeen kontzertuak izango dira.

Hamabost egun besterik ez dira falta San Andres eguna iristeko, baina herrian datorren asteburuan hasiko dira festa giroa pizten; izan ere, zapatuan egingo dituzte sanandresei lotutako aurreneko ekintzak: Zalduntxoak taldeak danborradako jantzien aurkezpena, Zubiaurre igeriketa klubak antolatutako San Andres Igeriketa Sariketa eta musika taldeen kontzertuak izango dira etzi, Azkoitian.

13:00etan hasita aurkeztuko ditu Zalduntxoak taldeak danborradarako ondu dituzten jantzi berriak. Intsaustin egingo dute ekitaldia, zalduntxoen gotorlekua izan zen jauregian. Amelia Baldeon zein Juan Bautista Mendizabal Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko ordezkariek, Valen Moñux jantzien diseinatzaileak, Sonia Vazquez udaleko Kultura zinegotziak eta Marta Arregi Zalduntxoak taldeko ordezkariak parte hartuko dute aurkezpenean. Ekitaldi horretan, jantziak ezagutzeaz gain, zalduntxoez hitz egingo dute.

16:00etan, berriz, Zubiaurre igeriketa klubak antolatutako San Andres Igeriketa Sariketa jokatuko dute Elkarguneko igerilekuan. Txapelketa horretan parte hartuko dute LH3tik LH6 mailara arteko haurrek eta Marea Urdinak ordezkariek. LH3 eta LH4 mailetakoek 25 metroko saioa egin beharko dute, eta gainerakoek 50 metroko lana. Amaieran, herriko igeriketa klubak sariak banatuko dizkie irabazleei eta parte hartzaileei.

Sanandresetarako motorra behar bezala berotzeko, azkenik, kontzertuak izango dira herriko plazan. Um Blem Ble tabernarien elkarteak eta udalak elkarlanean antolatuta, Desgaraian eta Ur musika taldeek eskainiko dituzte emanaldiak, 22:30ean hasita. Desgaraian taldeak rocka, herri kantua, jazza eta pop-a jorratzen ditu nagusiki, baina garrantzia berezia ematen die hitzei, kritika soziala zein politikoa kutsu poetiko nabarmeneko letren bidez azalduz. Ur taldeak, bestalde, funk, disco eta indie estiloak jorratuko ditu ikus-entzuleen aurrean.

Festa giroa pizteko asteburua izango da datorrena; izan ere, hurrengo asteburuan, azaroak 23-24 asteburuan, festen atariko ekintza ugari izango da Azkoitian, hala nola herri lasterketa, danborrada, baserritarren azoka nahiz ehoziri erakusketa, dantzarien kalejira eta Sahatsa dantza taldearen, Iraurgi abesbatzaren zein musika bandaren Xirri-Xarro ikuskizunaren emanaldia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide