Unai Mendizabal nagusitu da Azkoitiko final laurdenean

Julene Frantzesena 2024ko urr. 26a, 19:59

Unai Mendizabal gaurko saioan. (Bertsozale.eus)

Mendizabalek 485,5 puntu batu ditu, bigarren sailkatu den Asier Azpirozek adina. Saio polita osatu dute agertokian kantuan aritu diren sei bertsolariek, eta giro ederra sortu da bertsoaren bueltan. Eneritz Artetxe bertsolari azkoitiarrak eta Aner Peritz zarauztarrak bihar kantatuko dute Irunen.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako hirugarren final laurdena izan da gaur Azkoitian, Baztartxo antzokian, eta Unai Mendizabal nagusitu da. Horrenbestez, zuzenean sailkatu da azaroaren 24an izango den Zarauzko finalaurrekora.

Saio polita osatu dute agertokian kantuan aritu diren sei bertsolariek, eta giro ederra sortu da bertsoaren bueltan. Ez dira saiorako sarrera guztiak agortu, baina bertsozale ugari izan da hitzorduan.

17:00etan hasi da saioa, Ane Labakaren, Asier Azpirozen, Eli Pagolaren, Maialen Akizuren, Oier Etxeberriaren eta Unai Mendizabalen agurrekin. Ondoren hasi dituzte lan puntuagarriak. Epaileek hala ebatzita, Mendizabal gailendu da, 485,5 puntu batuta. Dena den, haren puntu kopuru berbera lortu du Asier Azpirozek. Bi horien ostean, honako hurrenkera honetan sailkatu dira bertsolariak: Ane Labaka (477,5 puntu), Eli Pagola (470,5 puntu), Oier Etxeberria (468 puntu) eta Maialen Akizu (414 puntu).

Puntuazio horiek tarteko, Etxeberria azpeitiarrak hurrengo fasera sailkatuko al den jakiteko zain egon beharko du gaur-gaurkoz. Aitor Salegi zestoarrak, berriz, lehengo astean kantatu zuen, eta lortu zuen puntuazioa ez zaio aski izango txapelketan aurrera egiteko (427 puntu batu zituen).

Artetxe eta Peritz

Bihar izango da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako hurrengo saioa, Irunen. Eneritz Artetxe azkoitiarrak eta Aner Peritz zarauztarrak kantatuko dute han, Amaia Iturriotzekin, Oihana Iguaranekin, Eñaut Martikorenarekin eta Iñaki Apalategirekin batera. Saiorako sarrera guztiak agortuta daude, eta aretoabereziki txikia denez, saioa zuzenean emango du bertsoa.eus atariak, 17:00etan hasita.

Final laurdenetako azken saioa, berriz, datorren igandean izango da, azaroaren 3an. Tolosan abestuko dute falta diren sei bertsolariek, tartean eskualdeko bik: Jon Gurrutxaga azpeitiarrak eta Iñigo Mantzizidor Mantxi zarauztarrak. Haiekin izango dira oholtzan Nerea Elustondo, Aitor Tatiegi eta Maider Arregi. Saio hori bukatzean erabakiko da zein hamabi bertsolari ariko diren finalerdietan.

Momentuz, Beñat Gaztelumenik, Alaia Martinek eta Unai Mendizabalek dute hurrengo faserako txartela, eta Tolosako saioaren irabazleaz gain, beste zortzi bertsolari igaroko dira finalerdietara, puntuazioaren arabera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide