Extremadurako Juntak kalte ordaina ordaindu beharko dio Piris-Carballo sendiari

Julene Frantzesena 2024ko urr. 22a, 08:23

Abuztuan Piris eta Garcia familiei Extremaduran egindako omenaldiko irudia.

ETAren pakete bonba bat zartatuta Azkoitian hil zen Jose Maria Pirisen familiari 26.237 euroko kalte ordaina eman beharko dio Extremadurako Juntak, hango Auzitegi Gorenak hala aginduta. Iaz kalte ordaina ukatu zion Juntak familiari, baina auzitegiak onartu egin du familiak erabaki hari jarritako helegitea.

ETAren pakete bonba bat zartatuta hil zen Jose Maria Pirisen familiari 26.237 euroko kalte ordaina eman beharko dio Extremadurako Juntak. Hala ebatzi du Extremadurako Auzitegi Gorenak, Piris-Carballo sendiak aurkeztutako helegitea aztertu ostean.

2023. urtean kalte ordaina ukatu zion Extremadurako Juntaren Lehendakaritza, Barne eta Elkarrizketa Sozialerako Sailak Pirisen gurasoei, eskatzen zituzten baldintzak ez egiaztatzeagatik. Haiek helegitea aurkeztu zuten, ordea, eta urtebetera iritsi da ebazpena: terrorismoaren biktimentzako zehaztuta dagoen kalte ordaina ordaindu beharko dio erakundeak familiari.

ETAk Guardia Zibilaren auto batean jarri zuen eta askatuta lurrean zegoen bonba pakete bati ostikoa eman eta lehertuta hil zen Jose Maria Piris Azkoitian, Floreaga auzoan, 1980. urtean. 13 urte zituen Pirisek, eta ETAren bonba baten ondorioz hildako lehen umea izan zen. Fernando Garcia, berriz, larri zauritu zen.

Joan zen abuztuan omenaldia egin zioten Pirisi bere jaioterrian, Extremadurako San Vicente de Alcantara herrian. Azkoitian ere egin zioten omenaldia Pirisi nahiz Garciari eta haien senideei 2022an, gertaera hura jazo zenetik 42 urtera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide