Aspaldi joan zen, baina inork ez du ahaztu

Mailo Oiarzabal 2024ko urr. 19a, 20:34

Kirol ekitaldi ikusgarri eta bereziarekin oroitu dute gaur Jokin Ormaetxea txirrindulari azkoitiar zena, haren heriotzaren hogeigarren urteurrena betetzear dela. Azpeitiak irabazi du duatloi erronka eta Unai Osarentzat izan da txirrindulari ohien kriteriuma, lehia eta lagunartea uztartu dituen arratsalde borobilean.

Kirola, nostalgia, lehia eta lagunartea. Denek bat egin dute gaur arratsaldean Azkoitian, Jokin Ormaetxea Memorialean. Datorren ostegunean, urriaren 24an, beteko dira Ormaetxea hil zenetik hogei urte, baina txirrindulari ohi azkoitiarraren oroimenak sendo dirau haren ingurukoen, herrikideen zein errepideetan kide izandakoen artean. "Aspaldi joan zen baina inork ez du ahaztu" errepikatu du gaur Xabier Usabiaga, aurkezle lanetan, Ormaetxeaz. Horren erakusle izan da gaurko hitzordua: Jokin Ormaetxea Memoriala, Azkoitri triatloi klubak Haritz Uranga Ebro-ren gidaritzapean antolatua, eta txirrindulari ohi ezagun eta ez hain ezagun ugariren atxikimendua jaso duena.

Kirol ekitaldi ikusgarri eta bereziarekin oroitu dute Ormaetxea, haren gurasoak eta etxekoak ikuskizuna lehen lerrotik jarraitzen zirela. Hogeitik gora txirrindulari profesional ohi, tartean izen oso ezagunak (Markel Irizar, Igor Astarloa, David Etxebarria, Amets Txurruka, Roberto Laiseka, Osa anaiak...); profesionaletan aritu ez baina Ormaetxearekin gaztetan ibilitako beste hainbat, Azkoitia-Azpeitikoak gehienak; eta korrikalariak ere bai, Azkoitia-Azpeitia duatloi erronkan parte hartzeko. Horiek guztiak elkartu dira gaur Azkoitian, Ormaetxearen heriotzaren urteurrena eta hark Joseba Agirre korrikalariaren kontra jokatu eta irabazi zuen erronka gogoratzeko eta berritzeko.

Kriteriuma eta erronka

Txirrindulari ohien kriteriumarekin hasi eta bukatu da arratsaldea. Puntuaketa saioa, kanporaketa eta hiru itzuliko azken proba laburra jokatu dituzte horiek. Dabid Etxebarriak irabazi du puntuaketa saioa, Aitor Osa nagusitu da kanporaketa lasterketan, eta Igor Astarloa munduko txapeldun ohia izan da azkarrena memorialaren azken proban, baina Unai Osarentzat izan da garaipena profesional ohien kriteriumean; probarik ez du irabazi Itziarko anaietan gazteenak, baina erregularrena izan da hiru proben batuketan.

Azkoiti-Azpeitiko txirrindulari ohiek ere jokatu dituzte kriteriumaren azken bi probak, kanporaketakoa profesionalek berena jokatu ondoren, eta azkena guztiek elkarrekin. Baina, erorketa bat tarteko, ez-profesionalen kanpoaraketa lasterketa bertan behera utzi behar izan dute, eta horrek, gainera, eragin zuzena izan du ondoren jokatu duten Azkoitia-Azpeitia erronkan. Izan ere, erronkan parte hartu behar zuen Imanol Arizmendi izan da erori eta min hartu duena, eta ondorioz, Xabi Barrena Andorranok hartu behar izan du haren tokia Azkoitiko taldean.

Erronka izan da, hain zuzen, ikusmin handiena piztu duena. Azpeitiak talde indartsua aurkeztu du, Oier Ibarguren eta Vanessa Cerrajero txirrindulariekin, eta Aitor Mimenza, Maite Etxezarreta eta Julen Azpiazu korrikalariekin, eta haientzat izan da garaipena, Azkoitia ordezkatu duten Barrena eta Maider Oteiza txirrindularien eta Joseba Diaz, Aiora Altuna eta Bingen Aranbarri atleten aurrean. Hirugarren sailkatu da beteranoen talde mistoa, Olatz Gabilondo, Nerea Etxeberria eta Jakes Uranga txirrindulariekin, eta Agustin Ruiz eta Gari Uzkudun lasterkariekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide