Jokin Ormaetxea Memoriala egingo dute hilaren 19an, erronka eta kriterium banarekin

Ane Olaizola 2024ko urr. 2a, 10:04

Batetik, erronka jokatuko dute Azkoitiko eta Azpeitiko txirrindulariek zein korrikalariek, eta bestetik, profesionaletan aritutako Euskal Herriko dozenaka txirrindularik kriteriuma egingo dute herrian. Aurkezle lanetan, berriz, Xabier Usabiaga txirrindulari ohia arituko da.

Azkoitri triatloi klubak Jokin Ormaetxea Memoriala antolatu du hilaren 19rako, eta dozenaka txirrindulari eta txirrindulari ohi elkartuko ditu egitasmoak egun horretan. Dena den, bi ekintza egingo dituzte 16:00etatik aurrera egun horretan: batetik, Azkoitiaren eta Azpeitiaren arteko erronka egingo dute, eta bestetik, txirrindulari profesional ohien kriteriumaz gozatzeko aukera izango da.

Korrikalariek zein txirrindulariek parte hartuko dute bi herrien arteko erronkan, hiru taldetan banatuta: talde gorria azkoitiarrena izango da, eta hura osatuko dute Joseba Diaz, Aiora Altuna eta Bingen Aranbarri korrikalariek zein Imanol Arizmendi eta Maider Oteiza txirrindulariek; talde zuria Azpeitiarena izango da, eta han parte hartuko dute Aitor Mimenza, Maite Etxezarreta eta Julen Azpiazu korrikalariek eta Vanessa Cerrajero zein Oier Ibarguren txirrindulariek; Azkoitiko eta Azpeitiko beteranoena izango hirugarren taldea, urdin kolorea hartuko duena, eta bi herrietako bost lagunez osatuta egongo da: bertan, Agustin Ruiz eta Gari Uzkudun korrika arituko dira, eta Olatz Gabilondo, Nerea Etxeberria eta Jakes Uranga bizikletan.

Horrez gain, punta-puntako txirrindulari profesionalak izen zirenekin kriteriuma ere egingo dute arratsalde horretan, eta honako hauek lehiatuko dira lasterketan, besteak beste: Markel Irizar, Igor Astarloa, David Etxeberria, Amets Txurruka, Roberto Laiseka, Unai Osa, Andoni Aranaga, Joseba Zubeldia, Aitor Osa, Jon Azkune, Mikel Elorza, Joseba Albizu, Gorka Gonzalez, Joseba Zumeta, Josu Agirre, Mikel Gaztañaga, Aitor Perez, Dioni Galparsoro, Josu Silloniz, Aitor Silloniz, David Herrero, Mikel Pradera eta Aitor Galdos.

Aurkezle lanetan, berriz, Xabier Usabiaga txirrindulari ohia eta ETB1eko aurkezlea arituko da. Ormaetxea zenaren oroimenez egingo duten egitasmoaren kartela jakinarazi dute antolatzaileek, eta datozen egunetan emango dituzte xehetasun gehiago.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide