Agurne Gaubeka: "Euskara txiki gelditu da arlo batzuetan"

Iraia Oteiza 2024ko urr. 1a, 09:46

Agurne Gaubeka. (Utzitakoa)

Euskararen etorkizun "kezkagarria" ardatz hartuta, hizkuntza eskubideen egungo egoeraz, horien urraketez eta euskarak etorkizunera begira dituen erronkez mintzatuko da bihar Gaubeka, Azkoitiko Elkargunean eskainiko duen saioan.

Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak euskarari lotutako lau hitzaldi antolatu ditu urrirako, Euskola hitzaldi zikloaren barruan. Agurne Gaubeka (Bermeo, Bizkaia, 1984) Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendariak gidatuko du lehen hitzaldia, Hizkuntza eskubideak Euskal Herrian. Oraina eta etorkizuna izenekoa. Bihar eskainiko du saioa Elkargunean, 18:00etan. Hitzaldi guztiak doakoak izango dira, eta ez da aurrez izena eman beharrik horietara joateko.

Euskararen kontzientziazioan eta transmisioan eragiteko asmoz antolatu du Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak hitzaldi zikloa. Zehazki, zer izango duzu kontagai zure saioan?

Hizkuntza eskubideen inguruan ezagutza falta zegoela ikusi genuen, eta gaia ezagutarazi nahi genuen. Askotan hitz egiten da euskararen egoeraz eta haren etorkizunaz, baina ez hainbeste hizkuntzari lotuta ditugun eskubideez. Beraz, hizkuntza eskubideak zer diren azaldu, horien egungo egoera ezagutarazi, eta etorkizunera begira ditugun eginbeharrak aipatuko ditugu. Bestalde, euskararen kontrako oldarraldien gaia ere landuko dugu.

Zer da hizkuntza eskubidea?

Oinarrizko giza eskubide bat da. Beraz, norbere hizkuntzan bizi ahal izateko ez luke inongo bazterketarik eta oztoporik egon behar, eta euskararen erabilerak bermatuta egon beharko luke edozein espaziotan, publiko zein pribatuan.

Zein da egun hemen daukagun hizkuntza eskubideen egoera?

Behatokian lantzen ditugun kasuetan ikusi dugunez, euskararen lege babesa eta ofizialtasuna garrantzitsuak dira, baina ez dituzte egiaz hizkuntza eskubideak behar bezala bermatzen. Hortxe dago, esaterako, Euskal Autonomia Erkidegoaren kasua; edozein zerbitzutan zein eremutan euskaraz normaltasunez bizitzeko aukera izan beharko genuke, baina errealitatea bestelakoa da. Gaur-gaurkoz ez dago bermatuta inongo oztoporik gabe eta berdintasunean euskara erabili ahal izatea, eta gure ustez, berme hori izateko ez dira neurri egokiak aplikatzen.

Zerbitzu publikoak izan daitezke, agian, hobetzeko gehien dutenak?

Egia da arlo horretan euskaraz komunikatzeko eta mezuak euskaraz jasotzeko aukera izatea aurrerapauso handia dela, baina arlo sozioekonomikoan egoera are kezkagarriagoa dela uste dugu, gaztelaniaren nagusitasuna erabatekoa delako. Zoritxarrez, euskara txiki gelditu da arlo batzuetan.

Halaber, arlo horretan zein eremu pribatuan lege babes falta ere badugu, eta, ondorioz, euskaraz zerbitzu pribatu bat nahi dugunetan gero eta zailtasun handiagoak ditugu. Atzerriko hizkuntzei garrantzia ematen zaie, gurea ahaztuta, eta hizkuntza hegemoniko horien nagusitasuna erabatekoa da, esaterako, eremu digitalean. Egia da aurrerapausoak ematen ari direla euskarazko eskaintza izateko eta edukiak euskaraz sortzeko, baina oso eduki gutxi aurki ditzakegu.

Hori da egoera orokorra Euskal Herrian, baina lurralde edo eremu batetik bestera asko aldatzen al da hizkuntza eskubideen egoera?

Egia da euskararen lurraldean oso errealitate ezberdinak daudela, eta lege babesa ere batzuetan besteetan baino handiagoa dela; Nafarroa hegoaldean, esaterako, lege babesa are urriagoa da. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoan bertan ere ezberdintasun handiak daude eremu batetik bestera, hau da, herritar bezala Osakidetzako zerbitzuak euskaraz jasotzeko eskubidea eta aukera izan ditzakegu, baina gero bermeak ez dira berberak Azkoitiko anbulatorioan edo Guardiakoan [Araba]. Zerbitzuaren arabera ere bermeak aldatu egiten dira, gertatu izan delako Azkoitiko anbulatorioan familiako mediku euskaldunak artatzea eta espezialistarengana joatean mediku euskaldunik ez izatea.

Eta zein izan daiteke egoera horri buelta emateko irtenbidea?

Lehenik eta behin lege babesa handitu behar dugu, eta euskarari ofizialtasuna Euskal Herri osoan eman behar zaio. Bestalde, neurriak ere behar dira eremu guztietan euskara normaltasunez erabili ahal izateko. Egia da Espainiako Konstituzioak dioela ezagutzeko betebeharra dagoen hizkuntza bakarra gaztelania dela, eta horrek mugatu egiten gaituela. Halaber, lege babesetik haratagoko neurriak ere eskatzen ditugu, batzuk oraindik falta direlako. Esaterako, gurean, Lanbide Heziketako zenbait ziklo eta unibertsitateko zenbait gradu euskaraz ikasteko zailtasunak daude oraindik ere. Nekez eskain genezake zerbitzua euskaraz, euskaraz lan egiteko tresnak eta ohiturak ez baditugu. Ondorioz, zenbait neurri hartu beharrean gaude, eta aldaketa horiek gauzatzeko herritarrok ere lan egin behar dugula uste dut.

Nola ikusten duzu euskararen etorkizuna?

Etorkizun kezkagarria ikusten dut, oldarraldiaren gaia ere hor dagoelako. Euskara sustatzeko hartzen diren neurriak diskriminatzailetzat hartzen dituzte askotan eremu judizialean zein politikoan. Europako Kontseiluak ere aipatu du zenbait konpromiso oraindik bete gabe daudela euskarazko hizkuntza eskubideen aitortzan. Ea egoerak hobera egiten duen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide