Elgoibarko Rallysprintak Azkoitia izango du abiapuntu larunbatean

Andoni Elduaien 2024ko urr. 1a, 08:56

Uztailean jokatu zuten San Migel Rallysprinta. (Argazkia: Mikel Askasibar/Barren)

14:00etan abiatuko dira zapatuan autoak Azkoititik Elgoibarrera, Olaran baserrirako bidegurutze ingurutik. Guztira, zortzi kilometro eta erdi inguru korritu beharko dituzte autoek.

Azkoititik abiatuko da zapatuan, urriak 5, Elgoibarko 1. Rallysprinta. Azkoitia eta Elgoibar arteko Azkarate mendateko errepide zaharrean jokatuko dute proba, eta ibilgailuek Azkoitian izango dute irteera lerroa; zehazki, Olaran baserrirako bidegurutzearen ingurutik aterako dira autoak Elgoibar aldera, 14:00etan. Elgoibarko Sallobenterako bidegurutzetik gertu izango dute helmugako marra, 8,65 kilometroko ibilbidea osatu eta gero.

Etxebarriko (Bizkaia) Kastinparro Racing taldeak antolatu du larunbateko auto lasterketa; izan ere, Lea Artibaiko Rallyaz gain, Elgoibarko Rallysprinta antolatzeko ardura hartu zuen talde horrek denboraldi hasieran. Larunbateko lasterketa, gainera, Euskadiko Koparako puntuagarria izango da. Proba jokatuko den egunean trafikoarentzat itxita egongo da Azkarateko errepide zaharra, 12:45etik 20:00etara.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide