Eman daiteke izena Azkoitiko Hizkuntza Eskolan

Andoni Elduaien 2024ko ira. 5a, 09:44

Gaztanenea jauregian dago Azkoitiko Hizkuntza Eskola. (Alex Berasategi)

Joan den astelehenaz geroztik dago zabalik Gaztanenea jauregiko Hizkuntza Eskolan izena emateko epea. Ikasturte berrirako inskripzioa egiteko, hilaren 17ra arteko epea ezarri dute. Ingelesari dagokionez, B1, B2.1, B2.2 eta C1 mailak eskainiko dituzte datorren ikasturtean, eta frantsesean A1, A2, B1 eta B2.2 mailak.

Zabalik da Azkoitiko Hizkuntza Eskolan eskainiko dituzten hizkuntza ikasgaietarako izen-ematea. Astelehenean, hilaren 2an, ireki zuten 2024-2025 ikasturterako inskripzioa egiteko epea, eta hizkuntzaren bat ikasi nahi dutenek hilaren 17ra arteko epea izango dute apuntatzeko.

Beste urte batez, ingelesa eta frantsesa irakatsiko ditu Hizkuntza Eskola Ofizialak Azkoitiko Gaztanenea jauregiko geletan. Ingelesari dagokionez, B1, B2.1, B2.2 eta C1 mailak eskainiko dituzte; frantsesari dagokionean, berriz, A1, A2, B1 eta B2.2 mailak, azken horietako bakoitzean talde bana osatuta. Ingelesa, ordea, hainbat modutara ikasteko aukera izango dute ikasleek: B1 eta B2.1 mailetan talde bana osatuko dute, eta gainontzeko bi mailetan, bina talde. Gainera, estreinakoz, B2.2 eta C1 mailetako taldeetako bat erdi-presentziala izango da; hau da, saio bat eskolan jasoko dute ikasleek, eta bestea etxean, Moodle plataformaren bidez.

Hizkuntza Eskolak jakinarazi du matrikulazioa online egin behar dela, Ikasgunearen bidez. Irailaren 17an itxiko dute izen ematearen aurreneko fasea, eta ordurako eskolak eskainitako plazak ez badira betetzen, irailaren 18tik aurrera izen ematearen bigarren fasea irekiko du Hizkuntza Eskolak. Ikasturte osoaren prezioa 72,36 eurokoa da, eta azterketa egiteko bi deialdi izango dituzte ikasleek aukeran. Eibarko Hizkuntza Eskolaren web orrian informazio osagarria aurki daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide