Klimaren eta Energiaren Ekintza Plana osatzeko galdetegia prestatu du Azkoitiko Udalak

Ane Olaizola 2024ko ira. 4a, 10:18

Eguzki plakak.

Energia trantsizioaren eta klima aldaketaren erronkei erantzuteko ekintza planaren zirriborroa egina du erakundeak, eta dokumentu horri ekarpen gehigarriak aukera dute herritarrek irailaren 20ra artean.

Energia trantsizioaren eta klima aldaketaren erronkei erantzuteko "herriaren errealitatearekin bat" etorriko den 2030era arteko ekintza plana osatzeko prozesua abian du Azkoitiko Udalak iaztik, eta haren bide-orria zehazten jarraitzeko herritarren parte hartzea eskatu du: hain zuzen, ekintza planaren zirriborroa egina du erakundeak, eta dokumentu horri ekarpen gehigarriak egiteko aukera ireki du orain, herritarren ikuspegia eta proposamenak jaso ditzan. Horretarako, galdetegia prestatu du, eta hura betetzera animatu ditu herritarrak. Interneten dago galdetegia eskuragarri, eta irailaren 20ra artean bete ahal izango da.

Klimaren eta Energiaren Ekintza Plana osatzeko prozesuaren barruan, Azkoitiko Klima eta Energia diagnostikoa egin zuen udalak joan zen maiatzean, eta hango ondorioetatik abiatuta, udaleko langile, teknikari eta ordezkari politikoen parte hartzearekin helburuak eta ekintzak zehaztu dira. Era berean, Ingurumen Mahaia osatzen duten herritarrekin eta Eskolako Agenda 2030eko ikasle ordezkariekin ere osatu zuten ekintza plana ekainean, udalak antolatutako hainbat parte hartze saiotan. Ekintza horiek guztiak 2030era arteko ikuspegia duen ekintza planaren zirriborroan jaso dira.

Herritarrek orain egiten dituzten galdetegiak zein aurrez aurreko parte hartze saioetan jasotako ekarpenak aztertuko ditu gero udalak, hark azaldu baitu "baliagarriak" izango direla planaren bertsio berria prestatzeko. Prozesuarekin lotutako dokumentu guztiak Azkoitiko Udalaren webgunean daude eskuragarri.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide