Azkoitiko Ttipi-Ttapa atletismo taldeak bi urtez behin antolatzen duen lasterketa solidario-inklusiboa irailaren 28an egingo dute. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, herritarren izen-ematearen bidez bildutako diru guztia esklerosi anizkoitza duten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko lan egiten duten ADEMGI Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitza Elkarteari bideratuko diote aurten.
Izen-ematea irailaren erditik aurrera egin ahalko dute herritarrek, eta lasterketan parte hartzeko bi bide izango dira: batetik, Azkoitiko Udalaren webgunean apuntatzeko aukera izango da, eta bestetik, kalean jarriko dituzten mahaietan eman ahalko da izena. Hain justu, irailaren erditik aurrera ia egunero jarriko dituzte kalean izena emateko mahaiak; irailaren 14an eta 21ean —larunbata—, eliz atarian jarriko dute mahaia 11:00etatik 13:30era. Irailaren 16an, 18an, 23an eta 25ean —astelehenetan eta asteazkenetan—, berriz, plazan dagoen Portaleburu erakusketa aretoaren aurrean izango dira antolatzaileak, 17:30etik 19:30era.
Bi urtez behin egin ohi dute Azkoitian solidaritatea eta inklusibitatea oinarri dituen lasterketa. 2022. urtean egin zuten azkenekoz, eta orduko hartan parkinson gaitzaren ikerketa bultzatzeko antolatu zuten eguna. Zuriz jantzi ziren orduko hartan kaleak, lasterketan parte hartu zuten 900 bat helduk eta haurrek elastiko zuriak eraman baitzituzten soinean. Herritarren parte hartzeari esker, Ttipi-Ttapa taldeak 12.500 euro eman zizkion BioDonostia gaixotasun neurodegeneratiboen arloko lantaldeari.
Gaur-gaurkoz, lasterketaren eguna iragarri besterik ez dute egin Ttipi-Ttapakoek. Egunari lotutako egitarau osoa eta bestelako informazio guztia aurrerago jakinaraziko du atletismo taldeak.