Udane Juaristi: "Altuera handiko murala are ederragoa izan ohi da"

Iraia Oteiza 2024ko uzt. 25a, 09:09

Udane Juaristi Azkoitia BHIko horma irudian lanean. (Utzitakoa)

Udane Juaristi artistak (Azkoitia, 1985) 25 bat metroko horma irudia margotu du Azkoitia BHI institutuan. Bere estiloari jarraituz, bi nerabe irudikatu ditu bertan.

Zer irudikatu duzu Azkoitia BHIko horma irudian?

Nire lanean ohikoak diren bi figura marraztu ditut; jendea paseoan eta motxila bizkarrean hartuta behin baino gehiagotan irudikatu dut, eta oraingoan ere halako lan bat egin nahi izan dut. Bi nerabe irudikatu ditut, bata bizkarrez, joaten bezala, eta bestea aurrez, etortzen. Institutuko horma irudia izanik, motxila daramate biek.

Fatxadaren berezko kolorea mantendu nahi izan dut, tonalitate zuriekin, eta zuri-beltzean margotu ditut figurak. Plano batzuk baino ez dizkiot sartu koloretan, hormari bizitasun apur bat ematearren, baina inguruarekin ongi integratuta dagoela uste dut, gehiegizkoa izan gabe.

Institutuak berak agindu al zizun horma irudia egitea?

Azkoitia BHIkoak jarri ziren nirekin harremanetan, eta fatxadan artelan bat egiteko eskatu zidaten. Kolore eta bizitasun apur bat eman nahi zioten eraikineko hormari.

Zer eta nola marraztu, hori ja nire ideia izan zen. Hiru proposamen bidali nizkien institutukoei, hiru zirriborro, eta aukeraketa egin genuen denon artean. Hauxe aukeratu genuen.

Nolakoa izaten da halako horma handi bat margotzeko prozesua?

Fatxada ikusi nuen aurrena, baina askotan gertatu ohi dena pasatu zitzaidan: ideia etortzea kosta egin zitzaidala. Hasiera batean apur bat blokeatuta egon nintzen, ez nekien zer egin... Baina, azkenean, eskura nuen zerbait egin dut, nik egin ohi dudana marraztu baitut. Artelana bat dator institutu batekin, eta behin ideia izan nuenean berehala jakin nuen nola irudikatu. Aitortu beharrean naiz, ordea, kostatu egin zitzaidala arrankatzea.

Behin zirriborroak egin, horiek entregatu eta aukeraketa egindakoan, materiala zein garabia alokatu, eta bi astean osatu dut lana. Ordenagailuan irudiaren zirriborro bat daukat, eta horren arabera horma markatu ohi dut aurrena, proportzioak eta ongi izateko; jarraian, irudia markatzen hasten naiz, eta azken pausoa izaten da xehetasunak ongi marraztea.

Bi aste ez al da denbora gutxi halako horma handi bat margotzeko?

Muralismoan hala izaten da, lana ahalik eta azkarren amaitu behar izaten baita. Garabiaren alokairua egun bakoitzeko ordaintzen da, eta ezin izaten da denbora luzez horma margotzen aritu. Koadro bat marraztea ezberdina izaten da, hasi eta urtebetera jarraitzeko aukera eskaintzen duelako, baina ez horma batek.

Bi figuren azpian institutuaren logoa marraztu duzu. Hori ere enkarguz egin al duzu?

Nire erara egiten utzi didate. Zein horma margotu behar nuen adierazi zidaten, eta gainerakoa nire esku utzi dute. Eskertzekoa da hori ere. Bi nerabeen irudiaren azpian horma zati bat zuri geratzen zitzaidan, eta gris tonuetan margotu eta aldamen batean ikastetxearen logoa marraztea erabaki dut. Horma irudiaren osagarri moduko bat da logoa.

Esaterik izango al zenuke orotara horma irudiak zenbateko altuera duen?

Ez dakit ziur, baina lau solairuko eraikin baten tamaina izango du, 25 bat metrokoa. Hasiera batean 20 metroko garabia alokatu nuen artelana egiteko, baina motz geratu zitzaidan; hortik kalkula dezaket gutxi gorabeherako neurria.

Zer moduz daramazu halako altueran lan egitea?

Neke bikoitza izaten dut, azkenean altuera handian ibili behar izaten dudalako garabi baten laguntzaz. Ez da txantxetako kontua, eta adi-adi ibili behar izaten da, lau begirekin. Ez dut ongi pasatzen, baina ohitzen ari naiz. Beti kexatzen naiz altuerarekin, baina azken finean, nire lanaren parte da.

Emaitzarekin, baina, oso gustura geratu naiz. Goiko errepidetik berehala ikusten da horma Azpeiti aldetik zatozela, eta jendeari atentzioa ematen dio. Ez dut altueran ongi pasatzen, baina behin lana amaituta, egia da altuera handiko murala are ederragoa izaten dela.

Eta zaila egiten al zaizu hain marrazki handiak egin behar izatea?

Batzuk egin ditut dagoeneko, eta, egia esan, nahiko ondo daramat. Azkoitiko Altzibar etorbidean egindako irudia ere honen tamainakoa izango da, eta Donostian handiago bat ere egina dut. Txarrena garabia dela esango nuke. Azkoitia BHIko horma irudi honen kasuan, eraikinak beheko aldean fatxadaren zati bat kanpora aterata bezala dauka, eta gora eta behera ibiltzen den garabiak ez dit balio izan. Beso artikulatudun garabi bat erabili behar izan dut, eta askoz zailagoa egin zait halako batean mugitu behar izatea, mugimendua zein altuera gehiago nabari direlako.

Zein margo mota erabili duzu horma irudia egiteko?

Margoa pintura plastikoa da, kanpoaldean margotzeko berezia eta uretarako balio duena. Garrantzitsua da margoa kanpoalderako prestatuta egotea. Azkoitia BHIko muralean, adibidez, eguzkiak goizean asko jotzen du, eta horrek ere bere eragina izango du. Halako horma irudi batek, eguzkiak ez badu asko zigortzen behintzat, bost bat urte iraun ohi ditu, eta hamar bat ere ongi iraun ditzake. Gero, berriro ukitu batzuk eman behar izaten zaizkio.

Aipatu duzu zure estiloari jarraituz osatu duzula horma irudia. Artelan honek ba al du esanahi berezirik?

Neska eta mutila margotu ditut, berdintasun hori falta ez dadin. Gero, arraza aniztasuna ere ikusteko, bi pertsona beltz marraztu ditut, bata joaten eta bestea etortzen edo... Pertsona bakoitzak bere interpretazioa egingo du, norbere irudimenaren araberakoa.

Mozketa batzuk ere egin dituzu irudien buruaren parean. Aurpegia ezkutatu nahi izan al duzu?

Hori da. Modu horretan anonimotasuna lantzen da, eta norbere irudimenerako ere balio du, bakoitzaren interpretazioa ere libreagoa izango delako. Aurpegi konkretu bat jarriz gero, hori galdu egiten da. Artelana ikusten duen pertsona orok bere irudimena lantzea nahi dut, interpretazio libre hori egitea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide