Izarraitz Lanbide Heziketak maiatzean iragarri zuen bost ziklo berri eta beste bi espezializazio gehituko zizkiola bere heziketa eskaintzari 2024-2025 ikasturtean. Eskaintza handitzearekin, espazioa ere handitu beharrean da ikastetxea. Hain zuzen ere, Azkoitiko Udalak Gaztaneneako ikasgelak utziko dizkio Izarraitzi, datorren ikasturtean Informatikako bi gradu eta master baten eskolak bertan eman ditzan.
Mikroinformatika Sistemak eta Sareak erdi-mailako heziketa zikloa, Plataforma Anitzeko Aplikazioen Garapena goi mailako zikloa, eta Informazioaren Teknologien Inguruneetan Zibersegurtasuna master profesional homologatua dira Izarraitz LHk datorren ikasturtean Gaztanenea jauregiko formazio zentroko ikasgeletan emango dituenak. Guztira, 50 bat ikaslek izango dute Gaztanenean beren ikastokia.
Beraz, 2024-2025 ikasturtean lehendik eskolak han ematen dituen Hizkuntza Eskola Ofizialak Izarraitz LHrekin partekatuko du Gaztaneneako espazioa. Udalak azaldu duenez, batzuen eta besteen jarduerek ez diote elkarri eragozpenik eragingo, Izarraitzekoek goizez eta Hizkuntza Eskola Ofizialak arratsaldez erabiliko baitituzte ikasgelak. "Gaztaneneako formazio zentroa, izenak berak dioen bezala, prestakuntzarako espazio gisa eratu zen hasieratik. Horregatik, irtenbide egokia iruditu zaigu Izarraitz Lanbide Heziketaren hezkuntza eskaintzaren zati bat Gaztanenea jauregira eramatea, posible delako aktibitate hori Hizkuntza Eskola Ofizialaren jarduerarekin uztartzea, ordutegi ezberdinak dituztelako", adierazi du Marijose Arregi Hezkuntza zinegotziak. Irailaren 2an irekiko du matrikula Hizkuntza Eskola Ofizialak.